euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose C. Paz eta Oñatiren arteko senidetzeak 20 urte bete ditu: Toki Eder Euskal Etxeak emaitzen atzerabegirakoa egin du

2020/07/16

'Hermansoloña' Gobernuz Kanpoko Erakundeko arduradunak diren María Isabel Elorza eta José Antonio Urteaga, Maria Angeles Oñederra eta Joaquin Fernandes, bere senarra, Senidetzearen monumentuan
'Hermansoloña' Gobernuz Kanpoko Erakundeko arduradunak diren María Isabel Elorza eta José Antonio Urteaga, Maria Angeles Oñederra eta Joaquin Fernandes, bere senarra, Senidetzearen monumentuan

PUBLIZITATEA

Jose C. Paz, Argentina. 2000ko uztailaren 15ean sinatu zuten senidetzea Argentinako Jose C. Pazek eta Euskal Herriko Oñati herriek [Buenos Airestik 35 bat kilometrora kokatua, José C. Paz pobreziak eta langabeziak gehien astindutako lekuetakoa da hiriaren eremu metropolitarrean]. Hitzarmena arrazoi historikoengatik egin zen, hiriaren sortzailea Oñatikoa baitzen, José Vicente Altube, eta berehala hasi zen fruituak ematen: Oñatiko herriak eta Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeak sustatuta, 2001 amaieran heldu zen Jose C. Paz-era Oñatitik bidalitako lehenengo kontainerra, bertan berrogeita hamar kutxa zetozela, miseria gorrian bizi zen jendearen artean behar-beharrezko gauzak banatzeko, Argentina gogor erasotzen ari zen 'korralitoaren' krisialdi latzaren erdian.

Bi hamarkada hauetan elkartasun bide emankor bat jorratu dute Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeak, Maria Angeles Oñederra buru, eta Oñatin denborarekin lan hori bideratzearren osatu zen Hermansoloña Gobernuz Kanpoko Erakundearien lankidetzari esker, 35 kontainer iritsi izan dira premia biziko produktuekin, baina baita ere lantegi txikiak eta tailerrak muntatzeko tresna eta makinekin.

Argentinara iritsitako materialaren onurak, gainera, gainditu izan dute batzuetan Jose C. Pazeko eremua eta herrialdeko beste eskualde batzuetara ere ailegatu dira, hor bereziki aipa daitekeelarik elkartasun bide honen kontribuzioa zortzi ur-errota eraikitzeko Argentina ipar-ekialdeko Jujuy probintzian, bertako Queta komunitatean.

Azken bi hamarkadetan senidetzearen edukia moldatzen joan da, eta 20. urteurren honetan, esan daiteke kontainer bidalketarik ez dela egiten egun, baina Oñatiko herriak irmo jarraitzen duela josecepaztarren ondoan. Laguntza, egun, bi modalitatetan gauzatzen da: batetik, Laguntza Gune Hartzaileekin (Centros Receptores de Ayuda) dituzten proiektuetan, bereziki gaitasun desberdineko haurrei begira; eta Euskal Etxeak ematen dituen gazteentzako beketan, ofizioak ikasi nahi dituzten neska-mutikoentzat.

Oñederraren esanetan, hogei urte betetzen ari garen honetan, “Oso pozik gaude, senidetzea ez baita hitz hutsetan geratu. Makina bat dira oñatiarrei esker burutu ahal izan ditugun proiektuak eta beste hainbeste dira egin nahi ditugunak. Gezurra badirudi ere oso gogoan dauzkate Oñatin hemen ezagutu izan dituzten lagunak, eta onena da gure arteko komunikazioa egunerokoa dela. Planteatzen dizkiegun gauzek berehala topatzen dute erantzuna”, adierazi du pozik eta harro Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeko erreferenteak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia