euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose C. Paz-eko Euskal Etxeak Pilar Uribeondok bertako euskaldunez idatzi liburu berria aurkeztuz bukatu du 2017

2017/12/28

“Euskaldunak y retoños en Toki Eder” liburuaren aurkezpena Jose C. Pazeko Euskal Etxean
“Euskaldunak y retoños en Toki Eder” liburuaren aurkezpena Jose C. Pazeko Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Jose C. Paz-eko Euskal Etxeak 'Euskaldunak y retoños en Toki Eder' (Euskaldunak eta kimuak Toki Eder-en) izenburupeko liburuaren aurkezpenarekin amaitu ditu 2017ko ekitaldiak. Maria del Pilar Uribeondo y Ruiz-en lanak “elkartearen historia jasotzen du, dokumentazio sakona eta argazki esanguratsuak tarteko”. Mikel Ezkerroren hitzaurrearekin, Jose C. Pazeko Udaleko Kultura zuzendari Jose Carlos Narvaezek aurkeztu zuen Uribeondoren bigarren liburu hau.

Jose C. Paz, Argentina. Buenos Aires Handiko parte den Jose C Paz hirian aurkeztutako liburuak, Toki Eder izenarekin bertan 1996an sortutako Euskal Etxearen historia jorratzen du, Maria del Pilar Uribeondo y Ruiz idazle. Narrazioan erakundearen jardunbidearen urrats nagusiak azpimarratzen dira: nola sortu eta sendotu zen euskal etxea, nola bihurtu zen eskualdeko euskal argentinar kultur erreferente, eta zer nolako lan solidarioa egin duen urteotan zehar Gipuzkoako Oñati herritik eta Hermansoloña GKEtik jasotako laguntzarekin.

Egileak argitzen duenez, “Toki Eder gure etxea izan da eta da. Argitalpen honetan etxearen ateak irekitzen ditugu bertan aritzen garenoi buruz hitz egiteko: Euskal Herria utzi behar izan genuen eta Argentinara amets baten bila etorri ginen euskaldun talde bat gara. Argentinar ugari dago euskal sustraiak berreskuratu nahi dituena eta horregatik euskara, dantzak eta euskal sukaldaritza ikasten dituena”. Instituzioaren historiaz gain, Euskal Herriaren historian garrantzitsutzat jo dituen duten beste gai batzuk ere txertatu ditu Uribeondo y Ruiz-ek liburuan, tartean Gernikako Arbola, mitologia eta elezaharrak eta euskal emigrazioa.

'Euskaldunak y retoños en Toki Eder' Maria del Pilar Uribeondo y Ruizen bigarren liburua da. Lehenengoa, Ellos lo hicieron (Eurak egin zuten) 2009koa da eta Jose C. Paz-en euskaldun askori lana emanez urtetan funtzionatu zuen Alvarez Vazquez lantegiaren eta bertako langileen historia kontatzen du, langile horien artean bere aita Pablo F. Uribeondo Maturana ere dagoela. Gogora dezagun idazlea bilbotarra dela eta hamar urterekin Argentinaratu zela guraso eta familiarekin.

Liburu berria Toki Eder Euskal Etxeko areto nagusian aurkeztu zuen Uribeondo y Ruizek abenduaren 16an, Mikel Ezkerro, Jose Carlos Narvaez hiriko Kultura zuzendaria eta Etxeko agintariak lagun. Ekitaldi “oso hunkigarri batean” liburuaren aleak sinatu zituen. 'Euskaldunak y retoños en Toki Eder' edota 'Ellos lo hicieron' liburuak eskuratu nahi dituenak Euskal Etxearekin kontakta dezake. Telefonoz, (+54) (0)2320-442842 zenbakira deituz edo emailez toki_eder@speddy.com.ar helbidera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia