euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Cocinar a ciegas' liburuak itsuek mikrouhinean egin ditzaketen 100 errezeta erraz eta azkar biltzen ditu

2008/06/30

Itsu batek plater bat prestatu zuen 'Cocinar a ciegas' liburuaren aurkezpenean
Itsu batek plater bat prestatu zuen 'Cocinar a ciegas' liburuaren aurkezpenean

PUBLIZITATEA

Leioako Ostalaritza Eskolako ikasketa zuzendari Jose Angel Iturbek egin du 'Cocinar a ciegas' liburua, Bizkaiko ONCEren (Espainiar Itsuen Erakunde Nazionala) babesarekin. Liburuaren helburua pertsona itsuei sukaldaritzan aritzeko aukera eskaintzea da. Helburu horrekin, labe tradizionalak eta lapikoak bezalako tresnak alde batera utzita, mikrouhina bihurtzen da erremintarik garrantzitsuena. Liburua braille sisteman, paperezko edizioan eta liburu-CDan eskuratu daiteke. Pertsona itsuek, sukaldaritzan ezagutza gutxi dutenek zein denboraz larri dabiltzanek marmitakoa eta beste ehun plater era erraz eta azkarrean prestatzen ikasiko dute liburu honekin.

Leioa, Bizkaia. Jose Angel Iturbek eta Leioako Ostalaritza Eskolako irakasle eta laguntzaile taldeak idatzi duten Cocinar a ciegas liburuak mikrouhinean prestatu daitezkeen plater sorta zabala eskaintzen dizkiete itsuei, sukaldean sor daitezkeen arriskuak saiestuz. Tresna honen oinarrizko bi parametroak --denbora eta tenperatura-- erabiliz 100 plater baino gehiago egiten ikasiko dute liburu hau irakurtzen dutenek. Era honetan, labe tradizional, lapiko eta suen erabilera erabat baztertzen da, arriskuak gutxituz.

Liburua itsuei zuzendua bada ere, sukaldaritza maite duen edozeinek erabil dezake. Arduradunek azaldu dutenez, gastronomia munduan hasten diren gazteek edo plater konplikatuak egiteko denborarik gabe ibiltzen direnek lagun bikaina edukiko dute Cocinar a ciegas liburuan.

Gourmand World Cookbook Awards saria

Cocinar a ciegas liburuak Londresen (Ingalaterra) ospatutako Gourmand World Cookbook Awards lehiaketan epaimahaiaren sari berezia lortu zuen iragan apirilaren 13an. Lana 'itzela' eta 'sukalde karrera bikaintzat' azpimarratu zuen epaimahaiak.

Liburua duela urtebete aurkeztu zen. Ekimena ONCEren sukaldaritza tailerrak indaberritzeko helburuarekin sortu zen eta Jose Angel Iturbek aipatzen duenez, 'hasierako helburua --itsuek plater desberdinak prestatzeko gai izatea-- betetzen ari da'. Are gehiago, 'ONCEko begiraleek liburuarekin lan egiten dute eta gu oso pozik gaude horrekin', baieztatzen du sukaldariak.

Itsuentzako ikastaroa

Jose Angel Iturbek eta bere lantaldeak ikastaro bat antolatu zuten liburuan bildutakoa itsuentzat baliagarria izan zitekeen frogatzeko. ONCEk bi pertsona aurkeztu zituen bertara: guztiz itsua zena eta %80ko ikuspen zailtasunak zituena. 'Ederki moldatzen ziren biak', baieztatzen du Iturbek.

Leioako Ostalaritza Eskolak 25 urte baino gehiagoko esperientzia du sektore horretan. Ostalaritza munduarekin loturiko prestakuntza kurtsoak eskaintzen ditu eskolak eta bertako ikasleek, ikasketak bukatu bezain laster, aukera ugari dituzte lan merkatuan sartzeko. Liburua erosi nahi izanez gero, jo hona.


Lotura interesgarriak

Leioako Ostalaritza Eskola
www.gastronomiavasca.net/topics/escuela

Gourmand World Cookbook Awards
www.cookbookfair.com




« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia