euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jorgelina Oteguik liburu bat aurkeztu eta Roberto Landaburu historiaz mintzatu zen Venado Tuertoko I Euskal Topaketan

2018/05/02

Venado Tuertoko lehenengo euskal topaketa apirilaren 20an izan zen
Venado Tuertoko lehenengo euskal topaketa apirilaren 20an izan zen

PUBLIZITATEA

Topaketa Juan Bautista Alberdi Herri Liburutegian egin zen, Jorgelina Otegui eta Roberto Landabururen eskutik. Liburu, irudi eta dantzak medio antiolatzaileek Euskal Herria eta euskal kulturari buruzko ikuspegi zabal bat eskaini zuten. Gernika ere ekarri zuten gogora, Bonbardaketaren lekuko izan zen eta duela bi urte hil zen arte Venadon bizi zen Modesto Egia eibartarraren lekukotasuna oroituz.

Venado Tuerto, Argentina. Juan Bautista Alberdi Herri Liburutegiak komunitateari egindako deialdiak harrera bikaina izan zuen euskal etxerik ez duen herri santafetar honetan. Izan ere aretoa beteta egin zituzten euren aurkezpenak euskal jatorrizko Jorgelina Oteguik eta Roberto Landaburuk Santa Fe probintziako Venado Tuerto hiriko lehenengo euskal elkarretaratzean.

Euskaldunek eta euskal kulturak Argentinan utzitako eraginaren ikuspegi panoramikoa ematearren, hainbat gai jorratu zituzten bi hizlariek. Jorgelina Oteguik Andoaingo bere arbasoen historia jasotzen duen “Un niño como ninguno” liburua aurkeztu zuen, bere aitak idatzia. Euskal paisaia eta irudi adierazgarrik dituzten margolan eta argazkiak ere, bera egile, erakutsi zituen artista plastikoa ere baden Oteguik.

Roberto Landaburuk euskal immigrazioa hartu zuen abiapuntu eta hori aitzakia Euskal Herriari buruz ez ezik, etorkinak Argentinara nola iritsi ziren eta Argentinan zer egin zuten ere azaldu zuen. Horrekin lotuta eta itzordua Gernikako Bonbardaketaren urteurrenaren baino egun batzuk lehenago zelarik, hil arte Venado Tuernon bizi izan zen Modesto Egia Euskal Herriko euskaldunaren lekukotasuna partekatu zuen publikoarekin. Landaburuk berak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Modesto eibartarra zen eta Bonbardaketaren lekuko izan zen 12-14 bat urterekin. Askotan kontatu zidan egun hartan Arbatzegin zegoela eta erasoaren momentuan hain baxu pasatzen zirela hegazkinak pilotuen aurpegiak argi ikusten baitzituen. Modesto Venado Tuertoko biztanle izan zen duela bi urte zendu zen arte. Euskal Herrian jaiotako hiriko azken euskalduna izan zen gainera”.

Topaketari amaiera emateko, Venadoko dantza talde batek euskal dantza tradizionalenak aurkeztu zituen. Bildutakoek pintxo batzuk ere dastatu ahal izan zituzten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia