Joseba Etxarri. Berrogei urte dauzka 2002an Holandara hizkuntzak ikasi eta mundua ezagutzera joanik, 2004ean Alemaniara pasatu eta geroztik Berlinen finkatuta bizi den Jon Andoni Lekue Egurenek. "Gernikan jaio eta gero deustuartutako" euskalduntzat definitzen du bere burua, nahiz eta seguruenik jakitun ere baden Berlinen hainbeste urte bizitzeak definizio horri erantsirik ere ekarria izango dion. Berlingo On Egin euskal jatetxean arduradun dihardu gaur egun eta, besteak beste hiriburu alemaniarreko euskal etxeko euskara irakasle ere bada iaztik.
Orain 11 urte alemaniaratutakoa zara.
-Bi urte eman nituen lehenik Amsterdamen, ingelesa ikasten, neerlanderaz ere zerbait eta eskarmentua hartzen; hoteletan lanean, aldamio enpresa batean, itzultzaile, ateratzen ziren gauzetan... euskara klaseak ere eman nituen, gaztetxe batean... Halako batean Alemaniara etortzeko aukera sortu zitzaidan eta aurrera egin nuen. Orduan alemaniar lokomotora ez zegoen hain 'engrasatuta', krisian zegoen, erreforma ekonomikotan, laguntza sozialak murrizten, aldaketa unea zen. Baina Berlin beti izan da hiri interesgarria eta sasoi hartan aukerak zeuden. Nazioarteko aholkularitza kontuetan ibili nintzen, software enpresa batean, interkulturalitate gaietan, antolakuntzan, beti autonomo moduan. Ikasteko aukera ere izan dut, eta titulua atera nuen Kudeaketan, proiektu manager-edo.
Finkatuta zaude, beraz, Alemanian.
-Bestelako kontuak inportanteak izan daitezke, baina inportanteena, etorri eta hurrengo urtean gertatu zitzaidan: neskalaguna ezagutu nuen, alemana da, eta gaur egun bi seme-alaba dauzkat, hemen jaiotakoak, Nahia eta Antton, zazpi eta lau urtetakoak. Horrek lotu eta sendotu nau.
Noiz hasi zinen Euskal Etxean?
-Euskal ekitaldi batzuetara agertzen, aspalditxo. Gero, denborarekin, aktiboago bilakatu naiz. Seguruenik, inplikazio sakonagoa 2011tik daukat, lehenengo Korrika antolatu genuenetik, arrakastaz eta gero eta partaidetza eta oihartzun handiagoz ondoko edizioetan. Etxean euskaraz egiten dut seme-alabekin eta euskaldunak direla esan dezaket. Alemanez ere egiten dugu, baina nire neskalagunak ere euskara pixkat ikasi du.
Berlingo On Egin euskal jatetxean ari zara duela gutxidanik kudeatzaile.
-Beti izan dut zaletasuna sukaldearekiko. Bilbon AEKn irakasle nenbilenean eta Unibertsitatean ere, antolatzaile eta partaide ibilitakoa naiz, batzuetan bazkari handietan. 2001an egin genuen lehenengo Ikasle Eguna datorkit burura, Amurrion, 300 pertsona bazkaltzen. Erronka logistikoa izan zen. Baina gauza txikiago askotan ere ibili izan naiz sartuta ere, unibertsitateko bertso-bazkariak...
Nork esan behar zizun orduan 14 urte geroago Berlinen ibiliko zinela bertso-bazkari batean.
-Ez nuen batere pentsatuko (irri egiten du). Baina pozgarria da eta, egiari zor, oso ondo atera zen larunbatean On Egin-en antolatu genuena, lehenengoa. Ideia aspalditik zebilen airean, aurretik ere izana baita hemen Jon Maia. Oraingoan, baina, gauzatu ahal izan dugu, oso epe laburrean pentsatu eta antolatuta gainera. Talde bat dabil Berlinen lanean Gure Esku Dago-ren alde lan egiten, Diasporan ere honelako gauzetan baikabiltza, ekainaren 21eko estadiumetako ekitaldiei begira, eta bildu behar genuenez, proposamena sortu zen. On Egin-eko jabe Josu Outeiralek Jon Maiarekin hitz egin zuen eta, Euskal Etxearekin ados, hitzordua finkatu eta aurrera. Ederra izan zen. Pozten zaituzte honelako gauzek.
Zu euskara eskola emaile zarenez Euskal Etxean, ikasleak ere partaide.
-Ikasleek oso gustura hartu zuten. Bertsolari filma ikusita, bertsolaritzaren mekanismoak azaldu eta gaiak eurak atera zituzten. Pertsonaia ezkutua jarri genion bertsolari bati, publikoari pertsonaia Einstein zela adieraziz, eta beste bertsolariak bertsoka galdetuz behar zuen asmatu, eta oso ondo atera zen. Gai serioak ere sartu genituen, hala nola etxebizitzen prezioak oso gora egin duen Berlinen, bertsolari batek izan behar zuen enpresari bat, etxeak hotel handi bat egiteko erosi zituena, eta besteak etxe horietan bizi den maizterra, etxetik kaleratu nahi zutena. Jendea oso gustora geratu zen.
Giroa, ona eta berezia, pentsatzen dut.
-Batzuk sartu ezinik eta guzti. Inportantea da honelakoak antolatzea. Jatetxea, bestalde, oso ondo doa. Josu jabea beste bat zabaltzekotan dabil uda honetan Bruselan. Gauza ederra da euskal janari/edarien inguruan Euskal Herrirako ateak zabaltzea.