Caracas, Venezuela. Amerika Kopan 'ardogorri' elastikoa jantzita final-laurdenetara iritsi ondoren eta Realeko entrenamenduetara bueltatu aurretik, Jon Mikel Aramburu euskal venezuelarrak astia hartu zuen Caracasko Eusko Etxeko Sanferminetan ari izateko. Ospakizuna uztailaren 13an izan zen eta Aramburu bera izan zen txupina piztu eta festei hasiera emareko ohore bereganatu zuena, Ibane Azpiritxaga Eusko Etxeko lehendakaria lagun.
Caracasko Eusko Etxeko San Fermin festak xarma berezia dauka Diasporakoen artean bertan egiten diren entzierroak benetako zezenekin –bigantxekin hain zuzen– egiten baitira. “Entzierroa Eusko Etxearen lur-eremuaren baitan korritzen dugu, Aldapa deitzen dugun zatian, baserri baten itxura duen gure eraikin nagusiraino igerilekuaren ondotik pasa eta aparkalekura doan ibilbidean”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Jazoera aldizkari euskal venezuelarreko zuzendari eta EEko lehendakari ohi den Pedro Javier Arriaga Aguirre caracastarrak..
Donostiako Realeko jokalari Jon Mikel Aramburuk bota zuen txupina (argazkiak Pedro Arriaga Aguirre)
Caracaseko Eusko Etxeko Sanferminetan egiazko bigantxekin korritzen dira entzierroak (argazkiak Pedro Arriaga Aguirre)
Korrika egiteaz gain “bazkari ederra” ere partekatu zuten bildutakoek, Clever Ramirez-ek eta Maria Teresa Ballatori Arteagak prestaturik. “Urtero bezala, jende asko bildu zuen jaiak, gazte jendea gehienbat”, adierazi digu Eusko Etxeko erreferenteak. Erakundeak ospakizunaren balantze bikaina egin du. “Oso gustura geratu ginen guztiok, betikook eta baita lehen aldiz etorri zirenak ere, euretako hainbat futbolaria hemen izango zela jakiteak erakarrita. Giroa izugarri gustatu zitzaien eta jakinmin handia sortu zien. Izan ere askok gehiago jakin nahi izan zuten euskaldunei buruz, euskal etxeari buruz, gure festez, gure kirol eta ospakizunez...”
Jon Mikel Aramburu
Caracasen jaiotakoa da Jon Mikel Aramburu, 2002an, euskal familia batean. Bertakoa izanik, Venezuelako selekzioarekin jokatu du aurten Estatu Batuetan egin den Amerika Kopan. Gaztetan hasi zen futbolean Venezuelako ligan eta azkar izan zuen Atlantikoa zeharkatzeko aukera: 2022an egin zuen bere debuta Europako klub batean eta 2023ko abuztuan fitxatu zuen Realak.
Pedro Arriagak aspaldidanik ezagutzen ditu bera eta familia, aspaldikoa baita euren lotura euskal etxearekin eta euskal komunitatearekin. "Izan ere, Jon Mikelen birraitonak filmatu zuen gure Eusko Etxearen egoitza honen inaugurazio zeremonia 1950ean, guretzat dokumentu historiko garrantzitsua dena eta, oker ez banabil, egun Sabino Arana Fundazioan gordetzen dena”. Futbolaria bertan izango zela jakinik EEra hurreratutakoen artean, futbolaria gaztetxo zela Caracasko San Ignazio Eskolan maistra izan zuenik ere bildu zen, eta lagun eta ezagun gehiago.
Jon Mikel Aramburu aurrelari euskal venezuelarra 'ardogorri' elastikoa eta Realarena daramaten lagunekin
“Txupina botatzeaz gain, hala eskatu zioten guztiekin egin zituen argazkiak, baita elastikoak eta San Fermin zapiak ere sinatu”, kontatzen digu Arriagak, pozik beste urte batez elkarretaratze honek arrakasta lortzeagatik, handia baita Caracaseko euskal komunitateak bere geroa lantzen eta dinamikak sustatzen egiten duen ahalegina, segida ematearren aurreko belaunaldiek lur venezuelarrean ereindako Euskal Herriaren pusketa honi.
Caracasko Eusko Etxea Instagram-en, centrovasco