euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aitzol Lasa matematikalari nafarrak irabazi du Nekatoenea etxearen idazle-beka

2014/06/06

Aitzol Lasa,  Aintzane Lasarte (IAEZI) eta Pantxoa Etchegoin (EKE) antolatzaileekin
Aitzol Lasa, Aintzane Lasarte (IAEZI) eta Pantxoa Etchegoin (EKE) antolatzaileekin

PUBLIZITATEA

Literatura egonaldia da, baina oraingo honetan zientzilari batek irabazi du, bitxia badirudi ere. Aitzol Lasa matematikalari nafarrak proposamen berezia aurkeztu zuen bekaren laugarren edizio honetan, letrak eta zientziak uztartzea, eta berarentzat izan da Nekatoenea etxean proposatutako lana gauzatzeko hilabeteko idazle-egonaldia. Beka aurtengo urriaren 6an hasi eta azaroaren 2a arte iraganen da.

Uztaritze, Lapurdi.  Nekatoenea idazle-egonaldiari esker, idazle bati hilabete osoz Hendaiako Abbadia eremuko Nekatoenea baserri zaharberrituan bere idazketa lanean aritzeko aukera ematen zaio. Beka honen sustatzaile dira Euskal Kultur Erakundea, Euskal Idazleen Elkartea, eta Euskal Itsasbazterreko Ingurumen Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorra (IAEZI).

Aurtengoa laugarren edizioa da eta lehendabizikoz, zientzilari batek jasoko du beka, antolatzaileek aditzera eman dutenez. Irabazlea Aitzol Lasa (Barañain, 1978) da, matematikalaria eta matematikako irakaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan. Bere proposamena matematikak eta literatura batzea izan zen, zientzia gazteengan hurbiltzeko asmotan, eta halatan, zenbakiak eta formulak baino, hizki, esaldi eta esaerak landuko ditu.

Matematika irakasle izanik, zientzia bereziki gazteei ulertaraztea izan du helburu idatzitako hainbat artikuluekin. Baina haratago joan nahi izan zuen eta eleberritan hasi zen 2009. urtetik. Irabazi sarien artean, Elhuyarrek ematen duen saria irabazi zuen 2011. urtean, Elhuyarren zientzia-narrazioak kategoriko saria irabazi zuen, “Hodeietan” gazteei zuzendutako liburuarekin.

Egonaldiaren egitasmoak bigarren jarduera bat proposatzen du, idazleak gazteekiko elkarlan bat eskainiz. Lana aurreratua izango duelarik, Aitzol Lasa, eskualdeko kolegio bateko gazteekin arituko da lanean. Gazte taldeak literatur zientifiko horretan sartzeko aukera izanen du, ikasturte osoan zehar idazleak egin duen idazketa prozesua hurbiletik segituz. Horren ondotik, haiek ere beren idazlana egiteko aukera ukan dezaten.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia