euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jon Landaburu adituak Kolonbiako hizkuntzei buruzko hitzaldia eskaini zuen Antioquiako Unibertsitatean

2011/03/03

Jon Landaburu hizkuntzalaria El Espectador egunkari kolonbiarrari eskainitako elkarrizketa batean (argazkia Daniel Paez)
Jon Landaburu hizkuntzalaria El Espectador egunkari kolonbiarrari eskainitako elkarrizketa batean (argazkia Daniel Paez)

PUBLIZITATEA

Jon Landaburu hizkuntzalaria Antioquia eta Medellingo unibertsitateetan izan zen joan den otsailaren 21ean eta hitzaldia eman zuen 40 urtetan Kolonbiako komunitate indigenekin eginiko lanaren emaitzen berri emanez. Landaburuk sakonean azaldu zuen 2010eko 1381 legea, Kolonbiako talde etnikoen hizkuntzak babestu eta sustatzen dituena, eta hizkuntza hauek hitz egiten dituztenen hizkuntz-eskubideak izan zituen hizpide. Antioquiako Euskal Ikasketen Zentroko John Alejandro Ricaurtek ematen du bere hitzaldiaren berri.

John Alejandro Ricaurte/Medellin, Kolonbia. Hitzaldia Bertako Hizkuntzen Egunaren ekitaldien barruan antolatu zuten Antioquiako eta Medellingo Unibertsitate Nazionaleko Hizkuntza sailek. Antolatzaileen artean Kultur-arteko eta Atzerriko Hizkuntzen Ikasketa Taldea eta Antioquiako Elkarte Indigena zeuden. Jardueren egitaraua mahai-inguru, kultur aurkezpen, musika eta unibertsitate arteko topaketa batekin osatu zen.

Hitzaldien arloan gonbidatu berezia izan zen Jon Landaburu (Paris, 1943), gai honetan Kolonbiako aditu nagusienetako bat dena. Gutxik esan dezakete, euskaldun honek bezala, bizitzako 40 urte baino gehiago eman dituztela herrialde honetako hizkuntz ondarea ikertzen, jasotzen eta sustatzen.

Kooperante izatetik kolonbiar bihurtzera

Jon Landabururen aita Xabier Landaburu izan zen, erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea. Guda zibilean familiak Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen eta Jon Landaburu erbestean jaio zen, Frantzian. Pariseko Sorbonne Unibertsitatean egin zituen Filosofia eta Hizkuntzalaritza ikasketak eta ondoren Kolonbiara etorri zen kooperante gisa. Urte batzutako egonaldia izan behar zuena bizitza erdia bihurtu zen eta Landaburu kolonbiar batekin ezkondu zen. Egun Kolonbiako nazioanlitatea du.

Kolonbian emandako urte hauetan guztietan Jon Landaburuk bertako hizkuntzak sakonean ikertu ditu eta gaur egun gai honetan Kolonbiako aditu nagusienetakoa da. Izan ere, Kolonbiako Gobernuak berak aholkulari bezala erabili izan du hizkuntzen arloko gaietan.

65 bertako hizkuntza

Landaburuk azaldu zuenez, Kolonbian badira bertako 65 hizkuntza baino gehiago (21 hizkuntz familiatik datozenak). 800.000 hiztun inguru dituzte guztira hizkuntza hauek. Horien artetik hiruk bakarrik dituzte 100.000 hiztun baino gehiago, besteek milaka, ehundaka edo hamarka hiztun baino ez. Hizkuntza horietako batzuk dira embera, tule edo kuna, ette edo chimila, wounan cubeo, cofán, wiwa, tucano, sáliba, curripaco, puinave, ticuna, sikuani, nasa edo paez, guambiana, wayú, coreguaje, inga, kamentsá, andoque, bora, miraña, huitoto-nepode, muinane, ocaina, nonuya, achagua edo piaroa delakoak.

Beste 62 hizkuntza horietatik 5 desagertzear daude, eta beste 20ak euren gizarteetako biztanleen %20-25ak baino ez ditu hitz egiten, ondorioz 50 bat urtetan desagertzeko arriskua dute. 30 hizkuntzek egoera hobea dute, baina arriskuan daude ere, hainbat arrazoirengatik: kolonoen presioa, euren lurretan egin nahi dituzten mega-proiektuak eta borroka armatuak.

Hizkuntz-eskubideak

Hitzaldian agertutako etorkizunak beltza badirudi ere, Landaburuk azpimarratu egin zuen indigenen hizkuntz-eskubideak onartzen dituen legearen garrantzia. Era berean, bertako herri mugimenduek hizkuntza eta kulturaren alde egin dituzten mobilizazioei esker bizirauteko itxaropena egon daitekeela aipatu zuen Landaburuk. Antioquiako Erakunde Indigenaren arabera, oso garrantzitsua izan da ere nazioarteko komunitatearen babesa, bereziki Eusko Jaurlaritzaren laguntza, bai baliabideak eskainiz, eta baita ere euskararen normalizazioan izandako esperientzia azalduz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia