euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jon Kortazarrek Atxaga eta Uribe aztergai egunotan Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedran

2019/02/27

Jon Kortazar irakasle eta literatura kritikari mundakarra
Jon Kortazar irakasle eta literatura kritikari mundakarra

PUBLIZITATEA

Chicago, AEB. Jon Kortazar idazle eta EHUko Euskal Literatura irakaslea gonbidatu dute aurten Chicagoko Unibertsitatean Euskal Ikasketei buruzko graduondoko irakaskuntza eskaintzen duen Koldo Mitxelena Katedrara. Kortazarrek hitzaldi bat emango du martxoaren 4ean, astelehena, arratsaldeko 16:30ean, aipatu unibertsitateko Franke Institute for Humanities gunean. Hitzaldiak Tensiones en el campo literario vasco izango du izenburua, eta euskal literaturaren esparruan izan diren gatazka eta tentsioak izango ditu aztergai, zabaldu du Etxepare Euskal Institutuak ohar batean.

Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko unibertsitateetan koordinatzen dituen zortzi katedretako bat da Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedra. Bertan 2019. urtearen lehen erdian burutuko den programa berria martxan dago jada. Otsailaren 21ean hasi zen, eta martxoaren 7ra arte iraungo du.

Koldo Mitxelena Katedra, Chicagoko Unibertsitateko Division of Humanities fakultatean txertatua dago. Ikasturte bakoitzean, entzute handiko euskal irakasle edota adituren batek egonaldia egiten du bertan, euskal ikasketa humanistikoekin zerikusia duten eskola, mintegi edota hitzaldiak emateko xedez. Aurtengo katedra, Kortazarren gidaritzapean, euskal literaturaren autobiografia eta autofikziozko lanetan zentratuko da, eta bi idazle aztertuko ditu: Bernardo Atxaga eta Kirmen Uribe. Ikastaroaren helburu nagusia, fikzioaren barnean ematen diren adibide biografikoak aurkeztea eta fikzioan nola txertatzen diren ikertzea da. Landuko diren lanen artean, Nevadako Egunak (Atxaga) edota Bilbao-New York-Bilbao (Uribe) daude.

Koldo Mitxelena Katedrarekin batera, Etxepare Euskal institutuak koordinatzen dituen beste zazpi Katedra ere badaude munduan zehar hainbat unibertsitatetan. Denek graduondoko irakaskuntza espezializatua eskaintzen dute, ikasturtero gai ezberdinak landuz; eta euskal hizkuntza, kultura eta artea maila akademiko gorenean zabaldu eta aztertzeko helburua dute. Horietako batzuek jada zehaztuak dituzte aurtengo programa akademikoak; beste batzuek, berriz, aste batzuk barru ekingo diote lan horri, urtearen bigarren erdian gauzatuko baitira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia