Joseba Etxarri. Hiru aste eskas Jaialdirako, eta Boisen bertako bizimodua eta 2015eko Jaialdirako prestakizunak hiriburu idahotarraren bihotzetik bizitzen ari den pertsona bat bildu zaigu solaskide. Lehen aldia du honakoa Boisen zein Ipar Ameriketan Jon Garciak, baina badauka bere egonaldi amerikarrean aitzindaririk familian, amaren aldeko Pedro Gerenabarrena birraitona duela ehun bat urte paraje hauetan ibili omen zen-eta hamar-hamabost urtez artzain, ondoren Markinara itzultzeko. Jonek betebehar hori ere badu --birraitonaren daturik bertan topatzea-- Boisen dagoen bitartean.
Gasteiztar bezala, gehiago antzeko ala ezberdin, Boise eta Gasteiz?
-Zentzu batean nahiko antzekoak direla esango nuke. Tamaina aldetik antzeko, Boisek 210.000 bat biztanle baitauzka, gehiago Boisealdearekin, eta Gasteizek 240.000; bietan posible da oinez mugitzea, edo bizikletaz, eta biek daukate eraztun berdea inguruan. Ni neu bizikletaz ibiltzen naiz beti. Urrunago joan beharko banu, taxia hartuko nuke --hemen garraio publikoa nahikoa txarra baita-- edo Uberra, Uber aplikazioa erabiliko nuke. Jende askok erabiltzen du, taxia baino merkeagoa da eta oso erraza da erabiltzen, mugikorrarekin. Taxia orain arte ez dut erabili, eta Uberra behin, eta oso ondo.
Karrera Oñatin, Mondragon Unibertsitatean, bukatu eta ondoren nazioarteko harreman masterra egin zenuen Bartzelonan. Jaurlaritzaren beka batekin zaude hemen.
-Masterra amaitu eta berehala urtebeterako beka hauen berri irakurri nuen Gazteaukeran. Izena eman, azterketa idatzia eta elkarrizketa pasa eta deitu zidaten onartu nindutela esateko. Azaroan hasi nintzen Gasteizen, Lehendakaritzan, mundu honek nola funtzionatzen duen ikasten. Bisatua lortzea atzeratu egin zen, baina azkenean AEBetara etorri eta lehenik astebete eman nuen New Yorken, Euskadiren Ordezkaritzan, hango lankideak eta hemengo lana ezagutzen, eta gero hona. Hemengo euskaldunak bereziki, eta orokorrean Euskadiren eta Idaho eta inguruko estatuen arteko harremana bultzatzen laguntzea dira nire arloa. Proiektu desberdinak kudeatzen ditugu, kultura alorrean, BSUrekin (Boise State University), erakusketa batekin ari naiz, Urkullu lehendakariak hilabete azkenean Jaialdira egingo duen bisita prestatu dugu Ordezkaritzarekin... eta, horren osagarri eta denbora librean, Athletic-ek datorren astean Boisen jokatuko duen partidan boluntario ari naiz.
Harrera ona eman dizute?
-Oso ona. Euskal komunitateak besoak zabalik hartu nau eta nire kasuan John Ysursak eta bere familiak asko lagundu didate, eta euskal komunitateak orokorrean. Behar izan dudan guztietan izan dut norbait laguntzen, hemengo gauzak ezagutzen... Oso erraza da hemen euskalduna izatea, etxean bezala senti arazten zaituzte.
Gustuko hiri eta giroa topatu dituzu.
-Ni bezala natura gustukoa baduzu hemen aukera asko daude, mendira joateko, raftinga egiteko... Ikasketa aldetik BSU dago, eta College of Idaho eta aukera gehiago... Ekitaldi aldetik, kontzertuak antolatzen dira, antzerkia, kirola egiteko ere aukera zabala dago. Uste dut hiri erosoa dela gazteentzat. Harritu nau jendearen ekimenak, sormenak, iruditzen zait hemen jendea gurean baino enprendedoreagoa dela, mentalitate hori dauka. Honela atera da, esaterako, Athletic hona ekartzeko ideia bera.
Ekimena eta gazteak aipatuta, nola dabil langabezia hemengo zure adinekoen artean?
-Duela gutxi ibili gara hori komentatzen eta, esaten zidatenez, langabezia %3aren inguruan omen dabil. Gazteak, unibertsitatean daudenean hasten dira lanean eta ezagutzen ditudan gazte gehienak lana daukate. Baldintzak ez dakizkit, baina lanean dabiltza.
Euskal komunitateak, esaten den bezainbat presentzia dauka?
-Alkatea bera euskalduna da, Dave Bieter, Idahoko gobernuan ere eragin handia daukate... Hiriaren erdian Basque Block bezalako euskal auzo bat egoteak, motore dena eta bizitasun handia daukanak, asko laguntzen du. Hemen guztiek ezagutzen dituzte edo entzun dute euskaldunei buruz, eta euskaldunen berri beti dago egunkari eta telebistetan... Zer esanik ez orain, Jaialdirako egun batzuk falta direnean...
Nola gonbidatuko zenuke jendea uztail hondarrean Boisera inguratu eta bertan parte hartzera?
-Aukera bat dela esanez. Bost urtean behin baino ematen ez dena. Hemen jende guztia, euskaldunak eta ez-euskaldunak, irrikan daude, aurtengo deialdiaren iragarkiak aspaldi hasi baitziren eta horrek giro bat sortu du. Lehenik, Athletic-en partida izango da 18an, eta gero uztaileko azkeneko astean, Jaialdi bere osotasunean. Neu lanean ibiliko naiz, baina espero dut denborarik ere ateratzea disfrutatzeko. Aukera bat da eta neuk ere ez dut galdu nahi izango.