euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jon Bagues, Eresbileko zuzendaria: 'Euskal artxiboei buruzko hitzaldiek interes handia piztu dute Argentinako euskal etxeetan'

2008/07/14

Jon Bagues Buenos Aireseko Eusketxen eman zuen mintzaldiaren une batean
Jon Bagues Buenos Aireseko Eusketxen eman zuen mintzaldiaren une batean

PUBLIZITATEA

Jon Bagues, Eresbil Musikaren Euskal Artxibo Nazionaleko zuzendari eta AIBM Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteko lehendakariordea, Argentinan aritu da azken aste hauetan ikastaroak, hitzaldiak eta bilerak eginez. La Platako Euzko Etxean eta Unibertsitate Nazionalean (UNLP) eta Buenos Aireseko Eusketxe Eusko Kultur Etxean euskal artxiboei buruz aritu da eta euskal elkarte horietako ikusleen artean gaiak sortu duen jakinminak asko harritu duela azpimarratu du hizlariak.

Errenteria, Gipuzkoa. Argentinan ikastaro bat eta zenbait hitzaldi eta bilera eman ostean, Jon Bagues Euskal Herrian bueltan da jada. Cátedra de Libre Pensamiento Vasco talde euskaltzaleak eta Eusko Ikaskuntzak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker, ekainaren 17an Documentación musical y archivos musicales deritzon ikastaroa hasi zuen Baguesek UNLPn. Bertan, Eresbileko zuzendaria musika eta soinu artxiboei buruz mintzatu zen. 'Unibertsitateko ikasleek eta Buenos Airesetik etorritako irakasleek parte hartu zuten ikastaroan. Musika artxiboen kontua nahiko berria da beraientzat. Euskal Herrian ohituagoak gaude musikagileen eta banden artxiboetan lan egiten', adierazten du Baguesek.

Ikastaroan, besteak beste, honako gaiak jorratu ziren: artxiboen eraketa, motak eta dokumentuekin zer nolako lana egiten den. Horrezaz gain, ekimenak bildumen garrantzia azpimarratzeko balio izan zuen, 'musikagile askoren lan originalak askotan artxiboetan bakarrik lor baitaitezke', azpimarratzen du hizlariak.

Euskal etxeetan harrera bikaina

La Platako Euzko Etxean eta Buenos Aireseko Eusketxe Eusko Kultur Etxean ere aritu zen Eresbileko zuzendaria hitzaldiak eskainiz, ekainaren 21ean eta 23an, hurrenez hurren. Archivo Vasco de la Música y el patrimonio etnográfico musical vasco titulupean, Eresbileko artxiboa, etnografia eta folkloreari buruz hitz egin zuen.

Horrezaz gain, txirula bezalako instrumentuen grabazio zaharrak entzuteko aukera eduki zuten bi ekitaldian parte hartu zuten lagunek. Baguesek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, harrituta gelditu zen hitzorduek izan zuten  harrerarekin. Buenos Airesen, adibidez, '40 bat lagun bildu ziren Eusketxek Euskal Herriari buruz egiten duen zikloaren seigarren edizioan. Ekitaldiak arreta handia piztu zuen', azpimarratzen du.

Jon Bagues Eusketxen, Argentinan 2008
[Ezkerretik eskubira Cesar Arrondo, Maria Elena Etcheverry, Jon Bagues, Carlos Arturo Martínez eta Eduardo Torry Buenos Aireseko Eusketxen egin zen mintzaldian]

AIBM elkartea ezagutarazteko bilerak

Jon Baguesek beste helburu garrantzitsu bat zuen Argentinara egindako bidai honetan. AIBM Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteko lehendakariordea izanik, bi bilera eduki zituen bertako erakunde ezberdinekin. Buenos Aireseko Universidad Católica eta Liburutegi Nazionaleko arduradunekin bildu zen Bagues. 'Bilera hauen helburua elkartea Hegoamerikako bazkideei irekitzea eta AIBMrekin jaso ditzaketen onuren berri ematea' zen. Oraingoz, Argentinatik Universidad Católica da nazioarteko elkarteko bazkide den bakarra.

Eresbileko zuzendaria beste zenbait proiektutan ari da lanean momentu honetan. Musikaren Euskal Artxibo Nazionaleko webgunea berritzen dabiltza eta urte amaierarako, informazioaz gain, eduki digitalak gehituko dituztela baieztatu du Baguesek. Bestalde, AIMBrekin ere lanean jarraitu behar duela aditzera eman du. 'Presentzia gutxi duten herrialdetan euren presentzia handitu dezaten lortu nahi dugu: Hego Amerika, Ipar Europa eta Afrika, besteak beste. Helburua herrialde horietan AIBMren garrantzia eta lanak zabaltzea da', amaitzen du elkarteko lehendakariordeak.


Lotura interesgarriak

Eresbilen webgunea
www.eresbil.com

AIBM- Musika Liburutegien Nazioarteko Elkartea (webgunea frantsesez)
www.aibm-france.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia