euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jon Arretxe eta Fernando Morillo euskal idazleak Frankfurteko Liburu Azokan izango dira bihar eta etzi

2011/10/12

Jon Arretxe idazlea (argazkia Erein.com)
Jon Arretxe idazlea (argazkia Erein.com)

PUBLIZITATEA

Gaur bertan abiatuko da Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azokaren 2011eko edizioa, eta urtero legez euskal liburugintzak lekua izango du bertan, Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Institutuak sustatzen duten standaren bidez. Bertan izango dira Euskal Editoreen Elkartea eta Euskadiko Editoreen Elkartea, euskal liburuen nazioarteko presentzia indartzeko helburuarekin. Horrez gain, eta euskal literaturgintzaren ikuspegi orokorra emateko, bertan izango dira bihar eta etzi Jon Arretxe eta Fernando Morillo idazleak ere. Etzi euskal literaturari buruzko solasaldi batean parte hartuko dute, Etxepare Institutuko Mari Jose Olaziregirekin batera.

Donostia-San Sebastián. Bihartik eta igandea bitartean euskal liburugintzak lekua izango du Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azokan, stand-ari dagokionez 5.1.D 922 zenbakidunean, zenbaki hori baitu aurten Euskal Editoreen Elkarteak, Euskadiko Editoreen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Institutuak lankidetzan antolatu duten erakusmahaiak. Stand honen bitartez euskal argitaletxeen azken nobedadeak aurkeztuko dira Frankfurten, eta euskal literatura lanak nazioarteko merkatuetara zabaltzeko harremanak eta ekimenak landuko dira.

Horrez gain, euskal literatura aurkezteko bi ekitaldi ere egingo dira. Lehena bihar osteguna, 10:30etatik 11:30etara Frankfurter Buchmesse-ko Forum Dialog aretoan (5.1A962) izango da. Idoia Noble itzultzaileak aurkeztuta, Jon Arretxe eta Fernando Morillo idazleen jarduna izango da gaia, "Literaturaren abentura euskararen munduetan barrena” izenburupean.

Bigarren ekitaldia ostiralean izango da, 16:00etatik 17:00etara Frankfurter Buchmesse-ko Weltempfang aretoan (Halle 5.0 Salon). Jon Arretxe, Fernando Morillo idazleak eta Mari Jose Olaziregi, literaturan aditua eta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria, euskal literaturaren gaurko egoeraz eta alemanierara egindako itzulpenei buruz solastuko dira.

Halaber, Mari Jose Olaziregi hainbat literatur eragilerekin elkartuko da Frankfurten euskal liburuen itzulpena sustatzeko. Antzeko lana egin zuen Madrilgo Liber Azokan, urriaren 5etik 7ra, AEBetako banatzaileekin egin zen mahainguru batean parte hartu zuenean. Olaziregik Etxeparek AEBetako unibertsitateetan sustatzen dituen irakurle programen berri eman zuen eta Baker&Taylor, BookMasters, Chulainn eta Lectorum argitaletxeekin bilerak egin zituen azoka madrildarrean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia