euskal diaspora eta kultura
2013/12/17
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. 30 gradutik gorako tenperaturak, agendan orri zuri gutxi, azterketak eta balantzeak… 2013a bere amaierara iristen ari da eta bukaerarekin batera oporraldia hasteko aukera. Hego Amerikako euskal etxe gehienetan aktibitatea gutxitu egiten da udaldian (urtarril-martxoa) eta etxeko guztiek merezitako atsedena hartzen dute. Hori baino lehen ordea, Euskararen Eguna ospatzen dute; eta garrantzi handiko data honi eutsiz, badoan urteari azken agurra emateko ere biltzen dira. Hona Argentinako Azulen, La Platako Goierri elkartean, Lapridan, Mendozan, Necochean, Tandilen eta Txileko Santiagon burututako ospakizunen berri laburutua.
[Abenduaren 5ean egin zuten euren Zine Gourmet delakoa Azulgo Gure Txokoa-ko ikasle eta irakasleek. Bertan Euskararen Egunarekin batera aurrez aurreko ikasturtearen bukaera eta euskal sukaldaritza ikastaroaren amaiera ospatu zuten. Euskararen presentzia bermatzeko, euskal pelikula bat proiektatu zuten euskara taldeek. Filma bukatzean, euskal sukaldaritza ikastaroko ikasleek prestatutako janaria partekatu zuten bildutako lagunek (argazkiak EE)]
[La Platako ‘Goierri’ Euskal Elkarte Gastronomikoak ere bat egin zuen Euskararen Nazioarteko Egunarekin eta Circunvalacion Klubeko instalazioetan bildu zituen bere kide eta lagunak. Euskal menua dastatu ondoren, elkarteko lehendakaria den Cesar Arrondok Euskararen Eguna eta Argentinako Demokraziaren 30. Urtemuga ekarri zituen gogora topa egiteko momentuan. Afalostean, zozketa batzuk egin ziren (argazkiaEE)]
[Lapridako euskal etxean Eusko Txokoa Liburutegia arduratu zen ospakizunaz. Afariaren baitan, euskarazko hiztegi, kartelak eta oro har ikasteko materiala jarri zen gonbidatuen eskura (argazkiaEE)]
[Mendozako Denak Bat-en, programa oparoa eskaini zieten bildutakoei euskal etxeko lagunek. Poesia, abestiak, esketxa eta Olentzeroren bisita izan zituzten mendozatarrek joan den larunbatean. Horretaz gain bideo instituzional bat aurkeztu zuten gizarte sareetan. Bideoa ikusteko klik egin hemen (argazkiaEE)]
[Necochean, berriz, Euskararen Eguneko Pintxo Potea egin zen abenduaren 6an. Eta pintxoekin batera, euskara ikasi eta praktikatzeko jolasak euskara irakasle Maite Bilbaoren ardurapean (argazkiaEE)]
[Tandilgo Gure Etxea oso erakunde erreferentziala izan da euskara irakasleak trebatzeko programei dagokienean. Behin baino gehiagotan izan da Buenos Aires probintziako hiri hau barnetegietako egoitza. Kari horretara eta ohiko usadioei jarraituz, 2013 honetan ere ospatu zuten Euskararen Eguna tandildarrek. Beatriz Poume irakasleak agiriak banatu zizkien ikasleei, tartean gaur egun HABEko Euskara Munduan proiektuan trebatzen ari den Ines Olazabal-i (argazkiaEE)]
[Eta urtero bezala ere, Euskararen Eguneko oihartzuna Andeen beste alderaino ere iritsi zen eta Txileko Santiagoko Euzko Etxean egun osoko jarduera antolatu zuten Alvaro Montes de Oca, Alejandro Echeverria eta Christian Etxeberria irakasleek. Hasteko, ume zein helduak sokatiran neurtu ziren; ondoren, Alferraren Astea abestu eta Sorgina Pirulina eta Sagu Txiki kantuei loturiko dantza eta jokoak egin zituzten txikienek. Jarraian, egunak eta hilabeteak ikasteko jolas bat proposatu zuten irakasleek eta hain ondo egin zuten partaideek non Olentzerok gozokiak baino ez zituen banatu haien artean. Eguna bukatzeko, laburmetraia batzuk proiektatu ziren (argazkiaEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus