euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Jokoak, giro ona eta euskara asko' Boiseko Ikastolak antolatu duen bere lehenengo euskal haur udalekuan

2007/06/19

Zapiaren jokoa, euskara ikasteko era dibertigarria Boiseko euskarazko haur udalekuan (argazkia Kerry Maloney/Idaho Statesman)
Zapiaren jokoa, euskara ikasteko era dibertigarria Boiseko euskarazko haur udalekuan (argazkia Kerry Maloney/Idaho Statesman)

PUBLIZITATEA

Boiseko Ikastolak eta Basque Museum & Cultural Center-ek arrakastatsu bukatu zuten joan den ostiralean euren aurreneko Basque Summer Camp edo euskarazko haur udalekuaren bi txandetako lehena, euskara zertxobait dakiten haurrei eskainia. Atzo hasi zuten bigarrenera euskara ezagutu ez baina ikasi nahi duten neska-mutikoak bildu dituzte. Idaho Statesman egunkariak lehen txandako haurren esperientzia jaso du, euskaraz eta ingelesez eginiko bideo ederrean.
Boiseko Ikastolak eta Basque Museum-ek antolatu duten euskarazko udalekua iritsia da bere ekuadorrera. Joan den ostiralean bukatu zen lehen txanda, euskara pixka bat dakiten haurrei zuzendua, eta atzo bertan hasi zen bigarrena, euskararik ez dakitenentzako pentsatua. Momentuz lehendabiziko kanpamendua oso positiboa izan dela azaldu dute partehartzaileek. Lael Uberuaga gazte boisetarra bertan laguntzaile gisa aritu da, Ramona Larrea eta Patxi Kerns irakasleekin. 'Hamahiru ume izan ditugu, 3 eta 9 urte bitartekoak. Azken egunean ikusi ahal izan genuenez, guraso zein seme-alabak oso gustora gelditu dira', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Laelek.

[Goiko irudian Boiseko Euskarazko Udalekuan dabiltzan haurrak irakaslearen azalpenak entzuten, zapiaren jokoarekin dibertitzeko prest (argazkiak Kerry Maloney/ Idaho Statesman)]

Kanpamenduaren euskara irakasteko era erabateko hizkuntz murgiltzean datza. Haurrak euskara hutsean moldatu dira joko, abesti eta bestelako jarduerak egiterakoan. 'Gure euskara ez da perfektua, baina (udalekuan) egin behar dugu beti euskara. Umeekin sistema oso ona da, ze denak entzuten badute euskara eta denak egiten badute euskara, azkenean gehiago ulertuko dute', azaltzen du Patxi Kerns irakasleak Idaho Statesman egunkariak udalekuaz eginiko bideo erreportaian.

[Udalekuko zenbait une. Umeek joko, kirol eta ongi pasatzearen bidez ikasten dute euskara (argazkiak Kerry Maloney/Idaho Statesman)]

Jokoak eta abestiak dira umeei klaseak eman eta hiztegia erakusteko bidea. 'Asteartean adibidez, formak, koloreak eta euskal kirolak ikasi genituen. Ostegunean dantza eta kultura, musika eta bideoekin erakutsiz nola egin dantzak', azaltzen du Kernsek. Era honetako kanpamenduak oso garrantzitsuak dira bere ustez, 'Amerikan kultura asko ditugulako eta batzuetan kultura autentikoa galdu egiten da hemen, Amerikan, bizi garelako. Ez dugu ahazten, baina zaila da jarraitzea kulturan eta hezkuntzan. Hau da beste modu bat kultura jarraitzeko', irizten dio udalekuari.

Udalekuari buruzko bideo ikusteko
Idaho Statesman egunkarian, argazki & audioa Kerry Maloney


Lotura interesgarriak

Boiseko Ikastolaren webgunea
www.boisekoikastola.org

Basque Museum & Cultural Center, Boise, ID
www.basquemuseum.com

Boiseko Ikastolak udako kanpamendu bat jarri du abian
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 1ean

Patxi Kerns, Lazkaon euskara ikasten ari den dantzari boisetarra
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko otsailaren 2an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia