euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jokoak, dantzak eta Pintxo Txapelketa berria Viedma eta Patagoneseko Aberri Etxeak egindako urte amaierako festan

2023/12/18

Sukaldaritza lehiaketa bat izan da Viedma eta Patagoneseko Aberri Etxean 2023ko lanari amaiera emateko jaiaren ekitaldietako bat
Sukaldaritza lehiaketa bat izan da Viedma eta Patagoneseko Aberri Etxean 2023ko lanari amaiera emateko jaiaren ekitaldietako bat

PUBLIZITATEA

Viedma, Argentina. Euskal sukaldaritza tradizionala betidanik baloratu izan da diaspora finkatu den lekuetan. Azken urteotan, pintxoen zaletasunak gora egin du eten gabe, eta ospakizunen protagonistetako bat bihurtu da euskal etxeetan. Viedma eta Patagoneseko Aberri Etxea patagoniarrean, abenduaren 9an, larunbata, Pintxo Txapelketaren lehen edizioa deitu zuten. Lehiaketak epaimahai ospetsua izan zuen eta Euskal Etxeak urteari agur esateko antolatu zuen egitarau zabaleko ekitaldiaren baitan egin zen.

Juan Manuel Larrieu kazetari gastronomikoak (contodogusto.com.ar), Eugenia Goicoechea Mendoza enpresari gastronomikoak (Mamma Francesca) eta Marco Foschi gastronomikoak osatu zuten txapelketa definitzeko ardura izan zuen epaimahai espezializatua. Lagun Onak-eko dantzari den Andrea Haure-ri eman zioten txapela, “Veggie” izenepean aurkeztutako pintxoagatik. Bigarren postua María del Carmen Elzaurdiak jaso zuen, “Emakume” pintxoagatik, eta hirugarrena, “Arkumea garagardoan” pintxoaren egile Fabricio Passarrelliri eman zioten. Laugarren saridun bat ere izan zen. Sandra Sistiagak aipamen berezia jaso baituen “Lortuta” izeneko bere pintxoari esker.

Olentzero eta Mari Domingiri gorazarre


Adin guztietako dantzariak eta Olentzero eta Mari Domingiren bisitan Aberri Etxeko urte amaiera ekitaldian

Aberri Etxearen urte osoko lan handiari amaiera eman zion ekitaldia, jokuekin hasi zen. Virginia Argañarazek eta Rocio Basterrak koordinatutako Txikientzako Tailerreko haurrak jolasean aritu ziren. Euskal herri kiroletan oinarriturik, Euskal Etxearen egoitzaren aurrean, soka tiraz, artaburu lasterketaz eta, lauki erraldoietan, txingetan jolasten gozatu zuten. Eurak izan ziren Gabonetako ukitua ematen lehenak, “Hator Hator”abestean. Jarraian, Gabonetako enborraren sarrera iragarri zuten. Baina Lucia Beroquik eta Pablo Calabesek gorpuztutako Mari Domingi eta Olentzero iritsi zirenean, arratsaldeko une zirraragarrienetako bat heldu zen. Ez zuten ikatzik ekarri inorentzat, eta gerezi goxoak banatu zituzten eta, opari, denentzako ipuinak, euskara taldeko ikasleek eginak.

Oraingoan eurak izan ziren omenduak. Josetxu Astolfik zuzentzen duen Lagun Onak dantza taldearen eskutik, bertaratutako guztiek Olentzero Opari soka dantza jendetsua dantzatu zuten. “Denok batera aritu ginen praktikatzen azken bertsioa lortu arte. Jendea gogotsu agertu zen eta ederki erantzun zion proposamenari“, aitortu dio EuskalKultura.eus-i Aberri Etxeko Lagun Onak-eko dantzari eta komunikazio arloko kide den Analia Zuntinik. Azkenik, Sukaldaritza Taldeak prestatutako afaria partekatu zuten eta afalondoan, dantza tradizional gehiago.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia