euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

John Ysursa: “Duela 30 urte joan nintzen Oñatira eta euskara ikasten hasi nintzen. Bizitza aldatu zidan horrek”

2014/10/10

John Ysursak albiberekotu egiten ditu bere lan akademikoa Unibertsitatean, eta euskaldunen ondorengo gisa euskal komunitatean daukan partaidetza. Irudian, fandangoka kamerari bizkar emanez 2011eko Euskal Gizataldeen Kongresuan Donostian (EuskalKultura.com
John Ysursak albiberekotu egiten ditu bere lan akademikoa Unibertsitatean, eta euskaldunen ondorengo gisa euskal komunitatean daukan partaidetza. Irudian, fandangoka kamerari bizkar emanez 2011eko Euskal Gizataldeen Kongresuan Donostian (EuskalKultura.com

PUBLIZITATEA

Unibertsitate munduan bakarrik ez, euskal komunitateetan ere bada zintzo pertsona aktiboa John Ysursa boisetarra. Atzo, euskal dantzen inguruko hitzaldia eman zuen hiriko Euskal Etxean. Boiseko Basque Studies Consortium-eko zuzendariak Euskalkultura.com-ekin egin du berba 2015eko Jaialdirako antolatzen dabiltzan sinposioaren inguruan eta Ameriketako euskal komunitateen egoeraz.

Ander Egiluz Beramendi/AEB. Ameriketako Estatu Batuetan Euskal Ikasketak sortzeko beharrezko txinparta izan zen 1975ean Jon Bilbaok eta William Douglass-ek argitara eman zuten Amerikanuak liburua. Berrogei urte beteko dira datorren urtean. Eta beste horrenbeste beteko ditu ikasleak Euskal Herrira, Oñatira urte hartan, bidaltzen hasi zen Boiseko Unibertsitateko programak. Hiru guztia dela eta, datorren urteko Jaialdirako antolatuko duten sinposioari Joan-Etorri izena eman diote Ysursak eta lankideek, “Ameriketara joan eta Euskal Herrira etorri”, bere hitzetan.

-2015ean egingo duzuen sinposiorako lanak bidaltzeko epea zabaldu duzue. Azkeneko 2010eko Jaialdin antolatu zenuten, zer berritasun espero ditzakegu honakoan?

-Orain arte graduondoko eta doktoretzako ikasleen lanak baino ez ditugu onartu baina, datorren urterako, graduaurreko ikasleen eta akademia mundutik kanpo daudenen lanak ere hartuko ditugu. Alegia, zaletasunak bultzatuta ikerlanak egiten dituzten lagunenenak.

-Mundu akademikoa eta kaletarra uztartzeko intentzioarekin egin duzue?

-Bai, eta ildo bera jarraituz sortu genuen hitzaldion irudia. Bi pertsonek, eskuak harturik, zubi bat osaturik. Hori da esanahia, bi mundu lotzea: akademikoa eta popular scholarship deritzoguna.

-Zenbat lan espero dituzue? Ba al dago ikerlanak igortzeko epemugarik?

-2010ean, bi egunean, hogei hitzaldi izan genituen. Beste horrenbeste espero ditugu datorren urterako. Dagoeneko hasi gara lanak jasotzen, baina ez dugu epemugarik jarri eta ez dut uste jarriko dugunik. Bestalde, Basque Block-en dagoen Egyptian Theatre-n beste topaketa batzuk antolatuko ditugu Meet the Basques (Euskaldunak ezagut itzazu) izenburupean. Kontua da haziz doala Boise eta jende berriak ez dakiela euskaldunoi buruz gauza askorik, horregatik geure burua ezagutzera ematen jarraitu behar dugu. Egyptian-eko hitzaldi hauek Idahoko Giza Kontseiluarekin batera antolatuko ditugu.

-Boiseko Unibertsitateak lehen ikasleak Oñatira bidali zituela berrogei urte beteko dira hurrengo urtean. Horren bueltan zerbait antolatzeko planik?

-Hitzaldiotaz aparte ez. Baina badaude Boisen lehen bidaia horretan parte hartu zuten batzuk eta antolatu ohi dituzte, noizean behin, gauzak. Azkena duela bost urte. Agian zerbait egingo dute datorren urteko Jaialdirako ere.

-Zergatik da garrantzitsua, zeure aburuz, BSUko ‘Studies Abroad’ programa?

-Tira, bidaia horiek familiak ere sortu dituzte, batzuk ezkondu egin dira-eta! (Barre egin du). Ikasketa prozesuan norbera da garrantzitsuena, ikasi nahi ez duenak ez baitu ezer ikasiko. Eta prozesu horretan, hezkuntza ederrena etxetik kanpo egiten dena da, egiterik baduzu, behintzat. Atzerrira zoazenean zeure herrialdeaz ikasten duzu asko, beste ikuspegi bat ematen dizulako. Eta bizitzaz ere bai. Ni duela hogeita hamar urte joan nintzen Oñatira eta bertan hasi nintzen euskara ikasten eta, horrek, bizitza aldatu zidan.

-Jon Bilbao eta William Douglass-en ‘Amerikanuak’ liburuak ere beteko ditu lau hamarkada 2015ean.

-Liburu horrekin, eta liburu horri esker, hasi ziren Euskal Ikasketak AEBetan. Nahiz eta nahiko liburu akademikoa izan, agenda moduko bat aurkeztu zigun gerokoei. Galdera asko egiten zituen eta, jakina, berrogei urte pasata, erantzunak oso desberdinak dira. Douglass-ek beltz ikusten zuen euskaldunon etorkizuna Ameriketan eta, horrelako komunitateak mantentzea zaila dela egia den arren, sortu dira, liburuaren ostean, Jaialdi bezalako fenomeno sozialak. Euskal komunitateaz harago doan fenomenoa da hori. NABO (Ipar Ameriketako Euskal Etxeen Elkartea) sortu zenean, bere barne, sei klub baino ez bazeuden ere, berrogeitik gora daude orain. Boiseko Museoa ere hor dago… Alde batetik, krisia dago euskaltasunaren loturak ahultzen ari direlako, baina badaude ere sortzen ari diren berri batzuk.

-Beste hainbat gauzen artean, BOGA aldizkari akademikoko editore gisa zabiltza. Nola moldatzen zara?

-Gustura nago. Hile honetan aterako dugun alean Jon Bilbao bera izango da nabarmenduko dugun gai eta pertsona, Amerikanuak-en berrogeigarren urtemuga dela-eta. Bestalde, Etxepare Institutuko ordezkariekin izan dugu bilera arestian, geure babesleak direlako, eta proiektu berri interesgarriak jarri ditugu mahai gainean. Baina oraindik ezin dut horiei buruz ezer esan.

-Bukatzeko, Aita Antton Egiguren Iraola izango duzue laster Boiseko apaiz. Bere bisatua ordaintzeko diru bilketa prozesua hasi zenuten Boisen. 

-Beharrezko diru guztia lortu dugu jada. Hogeita bost bat lagunen ekarpena batuta lortu dugu. Dena ondo ateratzen bada Gabonetarako izango da hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia