euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

John Ysursa, BSUko Euskal Ikasketen zuzendaria: «Diasporako euskaldunek badugu zer irakatsi»

2016/10/05

John Ysursa (argazkia EuskalKultura.com)
John Ysursa (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

AEBetako Boisen dagoen euskal komunitatearen parte da Ysursa, eta Europako eta diasporetako euskaldunen identitateaz aritu izan da uda honetan Donostian. Elkarrizketa hau, Ainhoa Zaragueta Lasa kazetariak egina, Berria egunkariak argitara eman zuen.

Ainhoa Zaragueta Lasa. Euskaldunak ez dira bakarrik Euskal Herrian jaiotzen, ezta beren ondarearekiko duten maitasuna ere. Garai batean, beste herrialde batzuetara jo zuten askok, AEBetara. Belaunaldi horien ondorengoa da John Ysursa (Boise, 1962), Boiseko Euskal Ikasketen zuzendaria. Boiseko euskal diasporaren eta identitatearen inguruan jardun da Ysursa EHUko Udako Ikastaroetan, Miramar jauregian, eta euskaraz erantzun ditu galderak.

Diaspora antzinako kontua al da?

Orain dela urte asko izan zen arren, egun euskal ondarea presente dago, eta horrek belaunaldi berriak erakarri ditu AEBetara. Hedabideetan diasporaren egoeraz jabetu dira, eta, horri esker, Europako euskaldun asko etortzen dira. Lehen, Europako eta diasporetako euskaldunen arteko ezberdintasuna nabarmenagoa zen; gaur egun, ordea, lausoagoa da.

AEBetan euskal komunitatea indartsua dela esango zenuke?

Boiseren kasuan, hasieratik, euskal komunitatea oso errotuta zegoen. Komunitatea indartzeko garrantzitsua da, kasu honetan, estatubatuarrei ateak irekitzea, komunitatearen parte izan daitezen. Zoritxarrez, ezin da leku guztietan lortu. Edonola ere, komunitatea kontziente da euskaldunak bizi direla, eta bertako historiaren eta kulturaren parte ere badirela.

Nola jokatzen dute euskal ondarea ez duten amerikarrek?

Estatubatuarrek interes handia erakusten dute euskal kulturarekiko: jatetxeek fama handia dute, euskal dantzen emanaldiak eskatzen dituzte... Poliki-poliki, zabalduz joan gara: dantza taldeak, ikastola, abesbatza... Tradizioa eta berrikuntzak uztartzen dira egitasmo horietan, eta estatubatuarrek begirune handia diote euskal kulturari.

Orduan, diasporako euskal komunitateak ez dira soilik euskaldunez osatzen.

Oso garrantzitsua da ulertzea diasporako euskal komunitateen zati handi bat ez dagoela euskaldunez osatuta. Iaz egindako Jaialdian, boluntarioen erdiak estatubatuarrak ziren, eta ez ziren euskaldunak. Interes hori abiapuntu gisa hartuta, beste gaiak lantzeko erabiltzen dugu euskal kultura. Boiseko unibertsitatean, munduko gaiak jorratzeko erabiltzen dugu; herrialdeen identitatea jorratzeko, esaterako.

Zer da euskalduna izatea?

Euskalduna izatearen parte handi bat erabaki bat hartzea da; euskalduna izatea aukeratzea, alegia. Nire kasuan, euskalduna izatea euskaraz aritzea da; ezinbestekotzat nuen euskaraz hitz egiten jakitea. Edonola ere, pertsonaren araberakoa da; bai Euskal Herrian bai diasporan, lagun asko euskaldun sentitzen dira, nahiz eta euskaraz ez jakin.

Zer aldaketa jasan du Boiseko diasporako euskal komunitateak?

Orain arte, uste genuen euskal komunitateen arteko bidea norabide bakarrean oinarritzen zela, hots, Europako euskaldunek haien ondarea diasporakoei helarazten zietela soilik. Egun, ordea, konturatu gara bi norabideko bidea dela, eta diasporako euskaldunek badugu zer irakatsi. Egungo euskal kultura orekan oinarritzen da; tradizioaren eta berrikuntzaren artekoan, alegia.

Zein da Europako euskaldunen eta diasporetako euskaldunen arteko desberdintasuna?

Euskal Herrian, tradizioa islatzen duten egitasmoak barra-barra daude: jaiak, dantza, gastronomia... Ondorioz, tradizioa eraldatzeko eta eguneratzeko joera dago. AEBetako diasporan, berriz, joera aurkakoa da: berrikuntzak egunaren 24 orduetan daude presente, eta tradiziora jotzeko ohitura dago. Komunitateen orekak egiten gaitu euskaldun; elkarren beharra dugu.

Belaunaldiz belaunaldi izan duzue euskal munduarekin kontaktua. Zer gertatuko da etorkizunean?

Gure arbasoen belaunaldiak derrigorrean euskal kulturaren parte ziren; automatikoa zen. Egungo belaunaldiaren, hau da, egungo haurren eta gazteen erabakia izango da euskal kultura eta ohiturak mantentzea eta haren parte izatea. Gogoa ezinbestekoa da komunitatea bizirik mantentzeko. Edonola ere, egoeraren aurrean, baikorra naiz.

(Jatorriz Berria egunkarian argitara emandakoa)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia