euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

John J. O’Hagan: “AEBek Kalifornia Mexikorengandik eskuratzerakoan eragin handia izan zuten euskaldunek”

2015/10/05

Erretiratutako erizaina da John J. O'Hagan. Denboran atzera egin ahalko balu, unibertsitatean Historia ikasiko zukeela dio (Argazkia: O'Hagan)
Erretiratutako erizaina da John J. O'Hagan. Denboran atzera egin ahalko balu, unibertsitatean Historia ikasiko zukeela dio (Argazkia: O'Hagan)

PUBLIZITATEA

Bigarren historia liburua argitaratu berri du John J. O’Hagank (San Frantzisko, 1941), beste behin ere Kaliforniako misioak ardatz harturik. ‘When the Basques ruled California’ (Euskaldunek Kalifornia gobernatu zutenean) lanean, 1784-1834 urte bitartean euskaldunek izan zuten eraginaz mintzo da. Argitaletxearen berbatan, “liburu entretenigarri honek, talde txiki batek historia garai jakin batean lortutako botere neurrigabea azaltzen du”. O’Haganek EuskalKultura.com-i esan dio, izatez, “AEBek Kalifornia Mexikorengandik eskuratzerakoan eragin handia izan zuten euskaldunek”.

Boise, AEB. Lands Never Trodden: The franciscans and the California missions (Sekula ez ibilitako bideak: frantziskotarrak eta Kaliforniako misioak) liburuaren ostean, When the Basques ruled California argitaratu berri du John J. O’Hagan idazle kaliforniarrak. 1784-1834 urte bitarteetako kronika honetan esaten denez, “Espainiatik zein Mexikotik heldutako” euskaldunek zeuzkaten Kaliforniako botere posizio gehienak. Caxton Press-en webgunean eros daiteke liburua.

Bere lehendabiziko lanean bezala, Kaliforniako misioak ardatz hartuta idatzi du liburu hau gaur egun Boisen bizi den idazleak. “Beti saiatzen naiz jendeari ulertarazten hau ere badela Ameriketako historia”, esan du O’Haganek. “Eskoletan, AEB ekialdeko kostari buruzko historia mordoa ikasten da baina mendebaldeko kostan jazotakoari dagokionez, hamaika kontu irakatsi gabe uzten dizkizute. Misioak, Kalifornia, Mexiko…" "Liburuan aztertzen ditudan berrogeita hamar urte horiek oso garrantzitsuak izan ziren eta boteregune gehienetan Espainiatik zein Mexikotik heldutako euskaldunak zeuden. Euskaldunek kontrolatzen zuten Kalifornia, beraiek hartzen zituzten erabakiak. AEBek Kalifornia Mexikorengandik eskuratzerako orduan eragin handia izan zuten euskaldunek, eta jende askok ez daki hori”, esan digu.

Erregistrogile apartak

Bi urte eta erdi eman ditu egileak liburua egiten eta, tarterik luzeena, ohi legez, informazioa biltzen eman du, bai Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-en bai eta Boise State University-n. Bazuen lanaren parte handi bat egina, ordea, aurreneko liburua idazteko Kaliforniako misioetako erregistroak ikertu zituelako. Eta, bere iritziz, ez zen horren lan zaila izan, “espainiarrak erregistrogile apartak” zirelako. Harrigarria bazaio ere, O’Haganek uste du ez dela orain arte horrelakorik idatzi, “euskal izenak ezagutzen ez dituzten ikerlari askok, seguru asko, espainiar izentzat hartu dituztelako”.

Erizain erretiratua da O’Hagan eta, orain, fikziozko misterio liburu sorta luze batean ari da lanean, nobela denek misioak izanik ardatz. Lehenbizikoa atera du dagoeneko, eta beste hiru ditu esku artean. EuskalKultura.com-i aitortu dio Kalifornian nahiko lukeela When the Basques ruled California aurkeztu, gastuak berak pagatuta ere. Interesik baldin badu inork liburuaren aurkezpen bat antolatzeko, helbide honetara idatz dezake: johnohaganauthor@gmail.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia