euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

John eta Grace Mainvil: “Kaliforniak bere etapa historiko guztietan izan ditu euskaldunak partaide”

2014/05/29

John eta Grace Mainvil senar-emazte kaliforniar euskaldunak. NABO Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioko diruzaina de Grace (argazkia EuskalKultura.com)
John eta Grace Mainvil senar-emazte kaliforniar euskaldunak. NABO Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioko diruzaina de Grace (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskaldunen Kaliforniaren eta Ipar Amerika euskaldunaren adibide eta erakusgarri dira John eta Grace Mainvil senar-emazteak. Oraindik porlana eta errepide eta eraikin orojaleak inbaditu gabeko Far West-eko Kalifornian duela 88 eta 80 urte jaioak, euren lekukotasunak euskara bizi-bizirik eta berezko hizkuntza zeukaten hamarnaka arrantxo zeuzkan lurralde batera garamatza.

Joseba Etxarri/EuskalKultura.com. Izango da oraindik Europako Euskal Herrian, euskaldunek beren apaltasunean munduan izan duten presentzia eta proiekzio esanguratsua ezagutzen ez duen herritarrik. Gaurkoan solaskide ditugun John eta Grace, Los Angeles aldean jaio ziren, 1926an eta 1934an, hurrenez hurren. John Mainvil eta Grace (Lacouague) Mainvil, geroago Los Angeles hiriak irentsiko zuen arrantxuz jositako Far Westeko lurralde zabal bateko emaitza dira, eta euskara izan zuten bertan, beste hainbat familien moduan, ama-hizkuntza.

"San Bernardinon jaio nintzen", diosku John-ek, "baina berehala mugitu zen nere familia ondoko Ontariora, eta bertan hazia naiz. Aita hazpandarra (Lapurdi) nuen eta ama, berriz, Amaiurkoa (Nafarroa). Los Angelesen ezagutu zuten biek elkar, euskaldunen artean. Aitak arrantxero lanak egiten zituen eta lan egin zuen baita ere whisky fabrika batean, Sunny Brook-en. Matantzan ere ibili zen, zortzi bat urtez. San Juan Capistranon, etorri berritan egin zuen lan, herrikide zuen Oyharzabal-entzat", azaltzen digu.

Kalifornian euskaldun jaio

San Juan Capistranon jaioa da Grace, orduan Grace Lacouague, immigrante euskaldunen alaba baita ere, aita ainhoarra eta ama Baztan aldekoa. Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitatean ikasia [unibertsitatea ere Batz arrantxo euskaldunaren lur izandakoetan kokatua], ezkondu aurretik irakasle aritu zen lau bat urtez. Euskal piknik batean ezagutu zuten elkar John eta Gracek, 1958an, inguru bereko La Puente herrian, eta San Juan Capistranoko misio zaharrean ezkondu ziren, izan ere beste euskaldun batek, aita Fermin Francisco Lasuen gasteiztarrak 1776an fundatutako misioan.

Kalifornian euskaldun jaio eta euskara gaurdaino atxiki dutela aipatzen diegularik, Johnek diosku eskolara hasi zenean ez zekiela ingelesik. "Gure etxean euskara zen mintzo. Gero, aita gazterik galdu nuen, zortzi urte nituela, eta amarekin euskaraz egin izan nuen beti; euskara besterik ez zuen mintzatzen, puro euskara, eta ingelesez pixkat, espainolik edo frantsesik ez zekien. Bestalde, neuk, ardi-negozioan sartuta, artzainak ere hangoak nituen, baita inguruko hainbat jende ere, beraz lengoaia beti atxiki dut", diosku, beste euskaldun batekin ezkondu zela azpimarratuta.

Euskara hizkuntz kaliforniarra

Pixkat kokatzearren, Orange County-ko parte da San Juan Capistrano, eta bertan aurki zitekeen, esaterako, XIX. mende hondarrean eta XX.aren hasieran Bastanchury arrantxo famatua, Domingo Bastanchury aldudarrak (Behe Nafarroa) hasia eta inguru zabal batean bizi ziren euskaldunen erreferentzia eta biltoki ere bazena. Laranja arrantxua zen, oso hedatua, eta paper batzuetan munduan garai hartan laranja-arboletan zen haundienen artean kokatzen zuten gaur egun Fullerton, Brea, La Habra eta Los Angelesaldeko beste hiri eta barruti batzuetako lurrak harrapatuta. 

Orduan zona errurala, gaur egun etxeak eta autobideak dira bertan nagusi, baita Placentia euskal jatorriko izena hartzen duen hirian ere, eta hortxe kokatzen den beste herri batean, Anaheim-en, Disneyland parkearen egoitza eta, hara!, 1998tik Euskal Herriko Vitoria-Gasteiz hiriarekin senidetuta dagoen hiria.

Euskal historia kaliforniarra azaleratu

"Kalifornia, beti, bere fase historiko guztietan, euskaldunekin harreman sakona izan duen lurraldea eta estatua izan da", argitzen digu Gracek. "Baita gaur egun ere. Euskal arrantxuak, euskaldunak eta hemen bizi izan diren gure aitzinekoak kaliforniarren eta estatubatuarren historiako parte dira. Horren zati bat liburuetan bildua dago, euskaldunak euskaldun gisa identifikatuta; beste batzuetan, guk behar ditugu identifikatu, eta bada hor azaleratze lan handia egiteke, edo egite bidean, Kaliforniako Gobernuak, NABOk eta Eusko Jaurlaritzak emaitzak epe labur eta ertainean plazaratzeko eta barreiatzeko asmoa duen proiektua hasia baitute”.

John eta Gracek azaltzen digute, euren gazte denboran euskal bizitza aberatsa zegoela inguru honetan, bazeudela andana bat ostatu euskaldun, eta geroago sortuko zirela hemen euskal etxe eta elkarteak, eta gaur dauden jatetxeak. Euskaldunek gogor egiten zutela lan, baina gustatzen zitzaiela horrekin batera, ahal zutenean, gogor besta egitea, gehienetan musa, pilota eta kantua tarteko. Mainvil familia, Orange County honetatik Idahora mugitu zen duela urte batzuk, eta han hazi dituzte euren lau alabak. Idaho eta Ontarioko juntan dagoen euskal etxean sartu ziren, eta Grace NABOko partaide bilakatu zen, luzaz eta gaur ere federazioko diruzaina, guztiek estimatu eta errespetatua. Loriatzeko moduko bikotea dira, iraganari geroa ematen jakin izan duena.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia