euskal diaspora eta kultura
2011/02/16
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Lehenengo aldia izan du Argentinan John Bieter irakasleak eta jaso duten guztientzat esker beroak baino ez ditu. Egun gutxi baina trinkoak iragan ditu Hego Amerikako herrialdean eta eskarmentuak ondorio batzuk ateratzeko balio izan dio. Argentinakoekin batera Estatu Batuetako euskaldunak Diasporako erreferente handia izanda, bien arteko aldeak eta antzekotasunak aipatzea eskatu diogu, ikertzaile eta irizpidedun den heinean.
"Estatu Batuetan bezala, Argentinan ere ikusten da bertakoa eta euskal kultura biltzen dituen azpikultura bat dagoela. Bi herrialdeotan berdin gertatzen da hori. Baina, jakina, ezberdintasunak ere badaude. Argentinako euskal diaspora askoz zaharragoa da, eta askoz ere handiagoa. Estatu Batuetara joan ziren euskaldun gehienak txiroak ziren, oso pobreak, eta estatus horretan murgilduta hasi ziren han. Ez zegoen goi eta ertain klaseko jenderik. Hona, berriz, gizartean ongi kokatutako jendea ere etorri zen. Ezer ez zutenak ere etorri ziren, baina argi ikusten da heziketa zutela hona etorri ziren immigrante euskaldunek. Eta esaten dudana, gauden hau bezalako eraikuntzetan –Euskal Echea institutuari buruz ari da– ikusten da. Laurak Bat, Iparraldeko Euskal Etxea, Nafar Etxea eta Necochea eta Mar del Platako euskal etxeak ere ezagutu ditut eta han, Estatu Batuetan, ez daukagu halako eraikuntzarik. Bistan dago azpitik beste sustrai batzuk daudela hemen”.
-Euskal diaspora zabala da eta bere indarra eta ezaugarri azkarrak dauzka euskaldungoaren barnean. Zer egin dezake, ordea, oro har Diasporak Euskal Herriaren alde?
Hemen asko egiten da. Nire ustez, hemen egiten direnak garrantzitsuak dira ez bertako jendearentzat bakarrik. Euskal Herritik datozenek asko ikasi ohi dute Ameriketara etortzen eta bertako Euskal Herria ezagutzen dutenean. Askotan ikusi izan dut Euskal Herritik Estatu Batuetara joan diren lagunetan bertan hasi direla konturatzen euskalduna izatea zer den. Batzuek esan dezakete gu zertan gabiltzan edo zer egiten dugun, baina beste batzuk konturatzen dira geuk, garen bezalakoak izanik, egiten dugunak lagundu egiten diola Euskal Herriko jendeari. Etxetik kanpo zaudenean, asko ikas dezakezu. Ingelesez esan ohi dugu You don’t know color red until you see another color. Kolore bat egunero ikusten baduzu ez duzu baloratzen, baina munduko beste puntara joaten bazara eta kolore hori ikusten baduzu, harritzen zaitu, geroztik ez duzu modu berean ikusiko.
-Nola moldatzen dira Estatu Batuetako euskaldunak ondoan dituzten gainerako gizataldeekin?
Oso ondo. Adibidez, orain Boisen talde bosniar nahiko handia dago eta ez dute elkartzeko lekurik, beraz gure etxea erabiltzen dute, ez egunero, baina bai noizean behin; Mexikoko taldeak ere euskal etxea erabiltzen dute. Ez dago inongo arazorik.
-Hemen batzuetan desadostasunak eta arazoak egon daitezke euskal etxeetako kideen artean, desadostasun politikoez ari naiz, euskal politikari dagokionez. Egoera horrek, herri berean bi euskal etxe edo gehiago sortzera eraman izan du zenbaitetan. Azalpen moduan esaten dugu hemengo egoera hori Euskal Herrian dauden arazoen ispilu dela, Estatu Batuetan ere gertatzen da?
Beno, diozuna euskaldunen historia da, han eta hemen. Euskal etxe berean taldeak egotea ez da harritzekoa. Baina egia da Argentinan Euskal Herriko politika askoz gehiago jarraitzen dela. Eta hori Estatu Batuetako eta Argentinako euskaldunen arteko beste ezberdintasun aipagarri bat da. Uste dut horrek zerikusi handia duela Estatu Batuetara joan ziren immigranteen testuinguruarekin. Lehen esan dudan bezala, gehienek ez zuten Euskal Herriari buruzko ideia argi bat. Ez zituzten Sabino Aranaren testuak irakurri, ez zuten euren gogoa janzteko aukerarik izan. Ameriketara heldutakoan, bi arazo edo ardura zeuzkaten: lana eta ingelesa ikastea. Beraz, hortik ez zen sortu ideia politiko handirik. Hona etorri zirenak, berriz, errazago zeukaten moldatzea eta bertakotzea eta heldu eta gutxira has zitezkeen idazten edo ideiak zabaltzen. Hala ere, gure artean ere badaude politikaren kontuetan murgilduta daudenak, baina ez hemen bezainbeste.
-Gazteen taldeak?
Bueno, gazteen artean ez hainbeste. Badaude batzuk Euskal Herrira joan izan direnak, denboraldi bat pasatzera edo ikastera, eta horiek euskal politika hurbilagotik ezagutzeko aukera izan dute, agian. Baina bestela, azken migrazio prozesuarekin etorritakoak, hau da, duela berrogeita bat urte Ameriketara heldu zirenak askoz ere sartuago daude politikan, jantziago daude horretan. Baina orokorrean argi ikusten da hemen askoz gehiago dakiela jendeak, askoz gehiago jarraitzen dituztela Euskal Herriko berriak; han ez dago ohiturarik.
-Orokorrean, nola ikusten duzu gazteen partaidetza euskal etxeetan eta Diasporan?
Nik argi ikusten dut gauzak aldakorrak direla, aldatu izan direla eta aldatzen jarraituko dutela. Gaurko gure euskal komunitatea ez da aurrekoa bezalakoa, adibidez Euskal Echea erakunde hau sortu zuten garaikoa bezalakoa; ez gara berdinak. Hala ere, zu eta biok euskaldunberriak gara eta hemen gaude Argentinan elkarrizketa hau euskaraz egiten, eta horrek zerbait esan nahi izango du. Nik ez dakit zer pasatuko den, baina orain internetek, esate baterako, aukera asko ematen ditu, eta gazteak bultzatzeko proiektu asko egiten dira sarean. Beraz ni baikorra naiz zeren eta uste dut gauza onak ateratzen ari direla eta aterako direla hortik. Pausoz pauso, noski, beti aldaketak egongo dira, batzuk sakonak, lehenago ere egon ziren bezala eta etorkizunean ere etorriko diren bezala. Lehenagoko moldeekiko aldaketen artean, uste dut euskalduna izatea gero eta gutxiago izango dela odola eta gero eta gehiago nahia.
-Duela astebete sinposio bat gauzatu zen Santa Barbaran, Kaliforniako Unibertsitatean, zu zeu partaide. Besteak batzuk bultzatzen ari zareten unibertsitateen arteko proiektuaz aritu zineten, Estatu Batuetan euskara eta euskal kultura irakasten aktibo diren Unibertsitateen arteko partzuergoa osatzeari buruz, nola doa proiektua?
2004tik Boisen Basque Studies Program izeneko proiektua daukagu, eta proiektu honen bidez euskara eta euskal kultura hainbat klase eta tailer eskaintzen ditugu. Urtero jende asko datorkigu, urtean zehar bostehun bat ikasle, eta hori asko da, pentsatu genuena baino askoz ere gehiago. Bostehunetik horietatik, laurehunek-edo dagokien kreditoa hartu eta bukatzen dute. Baina beste ehunek ikastaro gehiago nahi dituzte. Ehun horietatik, zenbat dira euskaldunak? %10, agian? Horrek esan nahi du jakinmin handia dagoela euskaldunei buruz. Beraz gu hutsune hori betetzen saiatzen gara. Gure asmoa unibertsitateen arteko partzuergo bat egitea da, uste baitugu indarrak biltzen, auzolanean bezala, jende gehiagorengana eta hobeto helduko garela. Zirkuitu bat sortzea, eta indarrak metatzea eta ahalik eta etekinik onena ateratzearren. Euskal etxeen FEVA federazioa bezalakoa izango litzateke baina arlo akademikoan.
-Bukatzeko, nolakoa izan da Argentinara etortzea hemengo Udako Euskal Unibertsitatera?
Oso polita izan da, jende oso jatorra ezagutu dut. Etxetik atera, munduari buelta ematea eta hemen ere euskaldunen artean izatea, izugarria da. Primeran pasatu dut, ezagutu dudan jendea oso interesgarria izan da, eta jarraitu nahi dugu kontaktua. Ikastaroa oso ondo egon da. Ikasleen azken lanek maila ona izan dute, gai interesagarriak aukeratu dituzte. Agian egunen Estatu Batuetako eta Argentinako unibertsitateen arteko proiektu bat egin ahal izango dugu.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus