Joseba Etxarri / Donostia-San Sebastian. Joe Goicoechea hil da Australiako North Queensland-en. Jende askoren estimua lortuta zeukan pertsona zen. Euskal diasporaren ikuspuntutik, Townsvillen egoitza zeukan Basque Club of North Queensland izeneko Euskal Etxearen eragile eta bultzatzaileetakoa izan zen, baita bere lehenengo lehendakaria ere. Profesionalki ingeniari zibila zen eta eraikuntza munduan garatu zuen bere lana, Vasco Constructions, ondoren Goicoechea Constructions eta Mendi Constructions sortu zituen hurrenez hurren. Townsvilleko enpresari ezagutu eta errespetatuenetakoa zen. Hainbatetan tentatu zuten alkaterako edo politikarako jauzia emateko, emaitzarik gabe. Euskaldun euskaltzale handia zen, harro zegoen bere euskal australiartasunaz eta askotan eman zuen horren lekukotasuna.
Egiari zor, Idahon, Estatu Batuetako Boiseko Jaialdin ezagutu genuen Jose Mari "Joe" Goicoechea 2000ko uztailean. Berba errazekoa zen, arin mintzo zuen Lekeitioko euskera ederra eta Boiseko euskal ekitaldietan kontatu zigun 1933an Lekeition jaio eta bost urte baino ez zituela gurasoekin emigratu zuenean Australiara Gerra Zibiletik iheska, North Queensland-en euskaldunen bilgarri historikoa izan den Ayr herrian hazteko, handik geroago Townsville hiri handiagora pasatzeko.
Euskal australiartasunaz harro
Esan bezala, Jaialdi garaia zen, eta ordurako hasia zen Jaialdi ez soilik Estatu Batu osoko euskaldunen biltoki bilakatzen, baita munduko beste euskal diasporako batzuetako jendeen bilgarri ere baizik. Gogora datorkit han zeudela, esaterako, Argentinako Necocheatik etorria, Xabier Zubillaga, edota Peru Limatik, German Garbizu, txikitako ikaskide eta laguna, baita jende gehiago ere Uruguaiko Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxeko kiderik, jende gehiago ere seguruenik eta, horretara goaz, euskal australiar talde bat ere, ordezkaritza bat esango genuke.
Jaialdi hari kolore berezia ekarri zioten bertan parte hartu zuten Australiako euskaldunek. Euren artean, gainera, Australian jaio eta euskara barra-barra mintzo zuten euskaldunak zeuden, Boiseko euskaldunak diren Bizkaiko herri eta jatorri berberetakoak gainera, eta beraz erabat doitu eta egokitu ziren euskal australiarrak Boisekoekin eta anderantziz. Jaialdiko desfileetan, eta aukera izan zuten aldi guztietan, Australiako bandera ikurrindunarekin agertu ziren, eta enbaxadari onak izan ziren orduan askok gehiegi ezagutzen ez genuen euskal-australiar emigrazio eta diasporaren fenomenoaz arreta deituz.
Basque Club of North Queensland
Joe bera bere saltsan ibili zen Boisen, hamaika jende agurtuz, harro banatuz euskal izenak zeuzkaten bere konpainien txartelak eta elkarretaratzeko gainerako partaideak bezala gozatuz eta bat eginez bertan protagonista ziren euskal kantu, dantza eta kultur adierazpenekin, baita mandolina joz ere, menperatzen zuen instrumentua baitzen. Kantuz eta giroan gustura erabat sartuta ikusi genuen Joe Goicoechea, gustura entzuten, kantatzen eta txalotzen bere deiturakide Martin Goicoechea bertsolari wyomingdarraren koplak, Euskal Herriko edozein herriko festetan bezala.
Australian atzera, han ikusi eta bizitutakoekin, Joe Goicoecheak eta beste batzuk Ameriketan ikusi moduko euskal elkarte bat sortzeko ideiak aurrera egin zuen Townsvillen. Inguruan euskal itxurako deiturak zeuzkaten gizabanako eta familiei gutunak bidali eta denborarekin, 2003ko urte hasieran Joeren etxean lehenengo familia sustatzaileak batuta, urte hartan bertan sortu eta legeztatuko zen ofizialki Basque Club of North Queensland euskal etxea, berrehun bat kide partaide. Eskabide eta paperak bete eta eginda, Eusko Jaurlaritzak 2005eko apirilean onartu eta sartu zuen euskal etxeen erregistroan.
Etxeko lagun maitatua
Egoitza leku dotorean, parke eta berdegune baten erdian lortuta, geroztik Euskal Herritik eta Estatu Batuetatik ere dantza irakasleak eta pilota erakustaileak eraman izan ditu klubak bere ekintzetako batzuk aurreratzeko. Neronek ere bisitan joanik izan nuen aukera horren guztiaren lekuko izateko eta egiaztatzeko bertako euskaldunek ere nahi dutela euren ezaugarrietatik nazioartean gaindi zabaltzen den Euskal Herriaren kide eta ekarle izan. Euskal Herrian egonda, behin eskatu genion Baxenabarreko euskaldun batentzat kontaktu batzuen bidea, baita erantzun positiboa ere lortu.
North Queensland probintzian euskal izeneko bere enpresa eraikuntza arloko garrantzitsuenetakoa da Mendi Constructions. Bushland Bay-tik hasita, hamaika errepide, aireportu, estadio, etxadi eta hirigintza proiektuetan izan da partaide Lekeition jaio eta bere bizitza Australian euskaldun garatu duen Goicoecheak. Hona berak sortzen lagundu zuen Euskal Etxeak dedikatu dizkion azken agurreko hitzak:
Tristura handiz eta saminez jakinarazi nahi dizuegu gure sorrerako lehendakari eta lagunmin maite Jose Mari (Joe) Goicoechea hil dela. Joek North Queensland-eko euskal komunitatea elkartzeko ametsa izan zuen duela hogei bat urte. North Queensland-eko Euskal Etxeak berari zor dio bere sorrera eta ondoko arrakasta. Euskal kantu, bazkari eta edari asko partekatu ditugu Euskal Etxekoek berarekin eta Goicoechea familiarekin. Joe gizon konprometitua eta famili girokoa zen eta legatu handia utzi digu. Gogoan ditugu bere emazte Jenny, bere seme-alaba Teresa, Maria, Stephen eta Anamari, euren bikoteekin, bere biloba eta berbilobak. Eurentzat gure sinpatia eta otoitzak garai zail honetan. Euskal Etxeak espero du luze espero gabe iegin ahal izatea ekitaldia bere oroimenez. Goian Bego, Jose Mari!