euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joaquín Orta, Fiamma Quinteros eta Alicia Mariezcurrena irabazle Lapridako Eusko Txokoa-ko euskal lehiaketan

2007/12/08

Aitor Alavak Euskararen Egunean arratsaldez emandako dantza ikastaroko irudia (arg. A. Alava)
Aitor Alavak Euskararen Egunean arratsaldez emandako dantza ikastaroko irudia (arg. A. Alava)

PUBLIZITATEA

Rosarioko Euskal Astean, Liburutegi bileran hain zuzen ere, Lapridako Eusko Txokoak 18. Urteurrena zela-eta deitutako lehiaketaz ohartarazi zuen. Bi hilabete joan dira geroztik eta erakundeak hiru irabazleen izenak eman ditu jakitera, Urteurrena eta Euskararen Eguna ospatzeko egindako ekitaldian. Bildutako 138 erantzun zuzenen artean, Joaquin Orta atera da zozketan irabazle, Bigarren Hezkuntzako 1 zenbakidun Eskolako 9.B-ko ikaslea bera; baita ere Fiamma Quinteros, Polimodal HUSOCeko lehenengo mailakoa Hezkuntza Ertaineko 1 zenbakidun Eskolan; eta Alicia Mariezcurrena, Ayacuchoko Euskal Etxeko kidea. Hiruak argitalpen bana hartu dute opari.
Laprodako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxeak eta bere baitango Eusko Txokoa liburutegiak ekitaldi bakarrean ospatu zituzten joan den larunbatean, abenduaren lehenean, erakundearen 18. urteurrena, Euskararen Eguna eta 2007 ikasturtearen amaiera eta testuinguru horretan jakin arazi zituzten liburutegiak antolatutako lehiaketan irabazle suertatutakoen izenak. Lehiaketak euskal gaiko hamar galderen bildumari erantzun zuzena ematea eskatzen zuen, gaiak honakoak: Gernikako Bonbardaketa, lauburua, mus-a, Arantzazuko Ama Birjina, Aberri Eguna, pilota, ikurriña, euskal pertsona-izenak, Arturo Campion Ikasketa Zentruaren Guregandik aldizkaria eta 21 Eskola Egutegia.

Erantzunak bidaltzeko epea azaroaren 30ean bukatuta, 138 izan zen epe barruan jasotako arrapostuak, honela banatuak: A kategorian, Bigarren Hezkuntzako Oinarrizko Eskolen 7, 8 eta 9. mailako 39 ikasle; B kategorian, Polimodaleko 1, 2 eta 3.go 74 ikasle; eta C ktegorian, 25 heldu, Ayacucho, Gral.Rodriguez, San Juan, Gral. Villegas, Chaco eta Viedmatik iritsiak.

Joaquín Orta, Fiamma Quinteros eta Alicia Mariezcurrena

Jasotako erantzun zuzenen arteko zozketa ekitaldia 'Guregandik 3' urtekaria aurkezteko baliatu zuen Cesar Arrondok . Hona hiru irabazleak: A kategorian, Joaquin Orta ikaslea, Bigarren Hezkuntzako 1 zenbakidun Oinarrizko Eskolako 9. mailakoa. W. Camus-en 'El fabricante de lluvia'ren ale bat eskuratu zuen. B kategorian, Fiamma Quinteros ikaslea, Hezkuntza Ertaineko 1 zenbakidun Eskolako HUSOC Polimodaleko 1. mailakoa. Berari Pacho O´Donell-en 'Che (la vida por un mundo mejor)' liburua egokitu zitzaion. Azkenik, C kategorian, Ayacuchoko Euskal Etxeko Alicia Mariaezcurrena atera zen irabazle, eta Arturo Campion Ikasketa Zentruko 'Guregandik 3' urtekariko ale bat lortu zuen.

Egun berean Aitor Alava dantzaria ere beraien artean izan zuten lapridatarrek. Dantzari arabarrak ikastaro trinko bat eskaini zion goizean bertako dantza taldeari, Iribaseko Ingurutxoa, Imotzeko Esku Dantza erakutsiz eta geroari begira Makil Txikiakikoa errepasatuz. Arratsaldez, berriz, ikastaro irekia eskaini zuen. Hogeita hamar bat pertsonek hartu zuten parte, Coronel Pringles, Olavarria eta Azul-eko euskal etxeetatik etorriak. Irri dantzak eta Kontradantza batzuk ikusi zituzten eta kabriola, murixka eta antrexata pausoen azalpena eman zuen Aitorrek.

Honela itxi dute aurtengoa Lagunen Etxeak eta Eusko Txokoa liburutegiak, lagun eta bazkide artean ohi bezala. Liburutegiko arduradunak, Ester Arrondok, EuskalKultura.com-ek eskainitako aukera baliatu eta eskerrak eman nahi izan dizkie urtean zehar laguntzaile izandako guztiei, eta bereziki Alicia Mendioroz andereari.


Lotura interesgarriak

Lapridako 'Arturo Campion' Euskal Ikasketa Etxea
www.arturocampion.com.ar

Lapridako Euskal Etxe eta liburutegiaren parte hartzeko gomita
2007ko azaroaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskal Etxeetako liburutegien bilkura Rosarioko Euskal Astean
2007ko urriaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia