New York, AEB. 'Joanes baleazalea' sortako 5. liburukia aurkeztu zuen joan den larunbatean, uztailaren 9an, New Yorkeko Eusko Etxean, hirian 18 urte zituenetik finkatutako Gillermo Zubiaga (Barakaldo, 1972) marrazkigileak. Aurkezpenak bat egin zuen AEBko euskal komunitateetan irudiak grabatzera iritsitako 'Txipli, Txapla, Pum Amerikatik' proiektuko ekipoarekin, euren bidaiaren azken egunetan, EENYera hurbilduta. Gogora dezagun Zubiaga bera dela EEren egoitzaren sarreran Euskal Herriko herri kirolez margotutako horma-irudien egilea.
Bide luzea egin du 'Joanes the whaler' edo euskaraz 'Joanes baleazaleak' pertsonaiak sortako lehenengo komiki liburutik. bosgarreneraino. Bosgarrena plazaratua dute, eta Nevada-Renoko Unibertsitateko CBS Press-ek sartzear dauka bere online katalogoan, bertatik erosi ahal izateko. Gauza bera, esaterako, Elkar-ek Euskal Herrian, gainerako lau liburukiak bertan topa daitezkeela, oso eskaintza onean gainera. Bestela, liburudendetan eta Amazonen eta topatu ahal izango da aurki. Liburukiak ingelesez atera dira, eta ondoren euskaraz, eta gaztelaniaz ere ikusi dute argia.
Gillermo Zubiaga, seme-alaba Lore eta Gillen-ekin hirugarren eta bostgarren Joanes eskuetan
Bostgarren liburukia: The Secret of Lamiak
Covid-19ak eragina izan du Joanesen martxan, eta Zubiagak berak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, "2019-20an pandemiak ekarritako egoera eta konfinamendu garaian, momentu batzuetan egunero 10-12 ordu eman nituen lanean eta liburu kasik osoa marraztu nuela esango nuke. Horrez gain, Joanes 4.a 2019 bukaeran argitaratu arren, Covidagatik ezin izan nuen aurkeztu. Bostgarrena ere, 'The Secret of Lamiak', 2021ean plazaratzeko aurreikusita zegoen, baina pandemiak 2022raino atzeratu du".
Gustura egin du orain aurkezpena, egin ere New Yorkeko Eusko Etxean. "Izan ere beti izan dut gogoa Joanes bertan aurkezteko, udak harrapatu bagaitu ere. Gainera, urte hasieran, Endika Basaguren, 'Txipli, Txapla, Pum Amerikatik' egitasmoko arduraduna nirekin jarri zen harremanetan, bere proiektuan Euzko Etxean margotua nuen horma-irudia grabatu eta agertzeko asmoarekin, eta beraz egoki jo nuen ekitaldi berean Joanesen 5.garren liburuaren aurkezpenarekin batzea".
Orain aurkeztu dena, 'Lamiaken Sekretua'ren ingelesezko edizioa izan da, orain arte bezala lehenik hala atera baita Estatu Batuetan. "Zorionez lehen trilogiarekin gertatu bezala, bigarren trilogiako azken zenbakia, Joanes 6.garrena, bukatu eta gero, euskaraz eta gaztelaniaz ere kaleratzeko prebisio bera nahiko nuke, Euskal Herrian salgai jartzeko gogo berdinak baititut", aurreratu du New Yorkeko komikilari barakaldarrak.