euskal diaspora eta kultura
2011/09/12
PUBLIZITATEA
New York, AEB. Prest du Guillermo Zubiaga marrazkilariak 'Joanes, or the Basque Whaler' komiki sailaren bigarren alea. Renoko CBS zentroaren argitalpen zerbitzuarekin plazaratuko da aurki ale berri hau, egileak berak aurreratu digunez, eta Zubiaga urrian New Yorkeko Comic Con-en izango da munduko komikizaleen aurrean aurkezpena egiteko. "Komiki, hedabide eta argitaratze hiriburua den 'Gotham City'ko Comic Con-en izango naiz Joanesekin. Ameriketako Pop Culture bilkura handienetakoa da,eta ekialde kosta osoan nagusiena", azaldu du Zubiagak.
Bitxia da Joanesen istorio. Ingelesez sortu du Zubiagak komikia, baina euskaraz pentsatutako abentura da. Protagonista Ternuara bale ehizan doan euskalduna da eta komiki sailak bertan bizitako esperientzia jasotzen du. Fikzioa da, noski, baina errealitatean oinarritua: Joanes pertsonaiaren inspirazioa Joanes Etxaniz Orioko baleazalea da. Etxaniz 1584ean hil zen Ternuan eta bere testamentua Kanadako testu zaharrena da. Zubiagaren ustez, baleazaleen istorioak euskal epika dira, "Estatu Batuetan cowboy-ak diren bezala, edota Japonian samurai-ak'".
Anti-heroia
New Yorken erakutsiko den bigarren ale honetan Joanesen istorioan gorabehera garrantzitsuak izango dira. "Lehen alean pertsonaiaren aurkezpena egiten zen, eta bigarren alean narratibaren tentsioak gora egiten du". Anti-heroia marraztu du egileak --diruzalea, biraozalea eta mozkortia--, baina abenturan zehar gertatzen direnek aldatu egingo dute. Joanesek Ternuako jendea ezagutuko du eta aurreko aleko sorginaren eta etsaien aurka borrokatzen jarraituko du. "Akatsak dituen pertsona da, hezur-haragizko baten ezaugarriak dauzka, gizatiarra da. Istorioan zehar nobleago bilakatuko da, baina bere maltzurkeria ez da betiko desagertzen", gehitzen du irriz Zubiagak.
[Joanes baleazalearen komiki sailaren bigarren zenbakiaren azala]
Komikiaren lehen alea salgai dago Zubiagaren webgunean. Liburuxkak 5 dolar balio ditu eta AEB, Kanada, Mexiko eta Europara bidali daiteke. "Nik komikien %50aren banaketaren ardura hartu dut --beste erdia CBSek-- eta lana izan den arren, liburuak Argentinan edota, esate baterako, Finlandian ere saltzeak asko poztu nau", aipatzen du marrazkigileak.
Komikiaren lehen alea erosteko, jo Guillermo Zubiagaren webgunera: hona.
Edo eros ezazu Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-en argitalpen zerbitzuaren webgunean, hemen.
-New York-eko Comic Con (Urriak 13-16): hemen
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus