Fresno, Kalifornia, AEB. Fresnoko Euskal Bestak eman dio joan den larunbatean hasiera AEBko 2023ko udako euskal piknik festen sasoiari. Hala izan ohi da urtero, Fresno beti estreinekoa izanik eta, neguan pixka bat sartuta bada ere, Kaliforniako Rocklinekoa azkena [Susanville, New England, Las Vegas eta BEOren Basque Cultural Day-rekin batera, urrian]. Tokiko euskal festak dira, bertako euskaldunen eta euskal ondarearen adierazgarri, garrantzitsuak, iragan aberats bati segida emateko ahalegin eta engaiamenduaren isla.
AEB Mendebaldeko euskal egitarauan, datorren larunbatean, hilak 13, piknika ez bada ere, 'Iparreko Ibarra' Euskal Etxearen NABO Mus Txapelketa biltzen du egutegiak, goizeko 8:30etatik aurrera Loomis herriko bilera gunean antolatua. Maiatzaren 19an, berriz, NABOren 2023ko Convention edo Biltzar Nagusia egingo da Los Banosen, aurten gainera Federazioak 50 urte betetzen dituela. 19an, NABO bilera, eta 20 eta 21ean, Los Banoseko Euskal Etxea antolatzaile duen bertako urteroko piknik edo euskal jaia.
Fresno, Winnemuca eta Southern California Basque Club-en euskal festen bannerrak
Maiatza bukatzeko, beste euskal festa handi bat, Bakersfield-ekoa, hilaren 27 eta 28an, baina ekitaldiekin baita ere aurreko eta ondoko egunetan: 26an, akademiko eta zabalkunde asmokoa, CSU unibertsitateko euskal irakurletzarekin batera, eta astelehenean, 29an, Estatu Batuetan jai eguna izanik, jai-girokoa, bestaren luzera ohi den brunch edo euskal elkarretaratze berri batekin herriko Wool Growers-n edo Bakersfieldeko gainerako euskal ostatuetan, AEB Mendebaldeko euskal janari, musika, dantza eta kantuak protagonista.
[Ezin ditugu hona hitzordu guztiak ekarri, baina salbuespen, aipatuko dugu Salt Lake Cityn, urtero Utah-ko Euskal Etxearen diru-sarrera nagusia, edo nagusietakoa den, Living Traditions Festival maiatzaren 19, 20 eta 21ean izango dela aurten. Bertan klasiko bat da Euskal Etxekoek prestatu eta saltzen dituzten jatekoak, tartean euren 'churro' famatuak. Utahko euskaldunek ubikuitatearekin jokatu beharko dute, batzuk Salt Laken euskal saltokia gobernatzen geldituz, eta beste batzuk Los Banosera NABO Conventionera bidaiatuz]
Maiatzean Fresno, Los Banos eta Bakersfield-eko euskal festak dira, besteak beste; ekainean, San Frantziskoko Euskal Etxekoak, Winnemucca, Salt Lake City eta Homedalekoak
Ekaineko lehenengo igandean, 4an, San Frantziskoko Euskal Etxeak, bere ohiko piknika egingo du, Petalumako berdeguneetan, meza abesbatza, klika eta dantzariak partaide, bazkari herrikoia, Zazpiak Bat dantzari gaztetxo eta gazteak, txistulariak, Los Banoseko dantzariak... Nevadako Winnemuccako Euskal Etxearen euskal festa, hilaren 9, 10 eta 11an, golf txapelketa, kabalkada, zuzeneko euskal musika, dantza erakustaldiak eta dantzaldi publikoak, igandean euskal amerikar meza, euskal oroitzapen saltokiekin...Ekainaren 25ean, Basque Club of Utah-ren piknika eta Homedale, Idahoko Txoko Ona Euskal Etxekoena, azken hauek San Juan ospaturik.
Uztailaren 1a eta 2a Nevadako Elkoko 59. National Basque Festivalen egunak izango dira, asteburu trinkoa, golf txapelketa batekin, mus txapelketa, euskal kirol eta jokoak, pilota partidak, musika, dantza erakustaldiak eta dantzaldiak, euskal meza, irrintzi, zahato, ogi-egite txapelketak... Asteburu berean, uztailaren 2an, Kaliforniako Chinon, Southern California Basque Clubaren euskal besta. zaharrenetako bat. Uztailaren 15ean, Renoko Zazpiak Bat Euskal Etxearen txanda izango da, eta 16an Idahoko Gooding-ekoa, elkartearen egoitza eta berdegune dotoreetan.
Uztailean, Elkoko Euskal Jaiak, Southern California Basque Club eta Renokoak eta Boiseko Saninazioak; abuztuan, Mountain Home-koak, Seattle, Gardnerville, Buffalo eta San Frantziskoko Gure Euskal Etxekoak
San Inazio —hala, honela idatzia dute izena Boisen santuak eta bere euskal festak— bereziki ospatua da Idahoko hiriburuan, hiriko euskal tradizioen zaindaria baita eta Boiseko euskal festei ematen die abegia, aurten uztailaren 30 eta 31ean, larunbat eta igandez. Prozesioa Oñati dantzariekin eta meza dantzariekin aldarean dantzatuz, eta beste nabarmen bat hiriko Basque Block-en, euskal taberna eta jatetxeetan, eta igandean piknika, jokoak-eta udal parkean. Idahotik atera gabe, abuztuaren 6an, Mountain Homeko euskal festa, Euskal Lagunak EEa antolatzaile, herriko euskal parke eta pilotalekuan.
Eta abuztuaren 6an baita ere, Washington estatuko Seattleko Euskal Etxekoak hiritik naturaren erdira mugituko dira, Lake Sammamish State Park-en familia giroko egunpasa egiteko. 12an, larunbata, Nevadako Gardnervilleko euskal jaialdia. Bezperan, afaria eta dantzaldia JT euskal ostatuan eta larunbat osoan saltokiak, barbakoa bazkaria eta aurten NABO Euskal Kantari Eguna, hainbat herri eta klubetatik etorritako gazte eta heldu kantuzaleekin, euren kantuzaletasuna eta EHko kantu eta bertso zahar eta berriak bildutako guztiekin partekatzen Mindeneko Civic Hallen.
Irailean Chinoko Euskal Besta dator, Paradise Valley-koa...: urrian Rocklin eta Las Vegasekoa
Gardnervilletik 1300 kilometro pasexera errepidez, Wyoming-eko Buffaloko Big Horn Basque Club-ek abuztuaren 13an ospatuko du bere jaia eta mendi artean, Folded Hills arrantxoan eginen dute, natura eta amuarrainak euskal musika, musa, dantza eta jateko-edatekoen lagun. Abuztua bukatzeko, San Frantziskok euskaraz Gure Euskal Etxea edo erdaraz Basque Cultural Center deitzen duten euskal etxearen jaialdia, 25, 26 eta 27an, Europako eta bertako pilotari eta musikariekin.
Iraila Chinoko euskal piknikarekin hasiko da, hilaren 2 eta 3an, astelehenean hiriko Centro Basco euskal ostatuan segituz. Hemen ere ez dira faltako zuzeneko musika, dantzariak, pilota partidak, zozketak, kantua, barbakoa bazkaria, euskal-amerikar moduko jateko eta edatekoa, kantu tradizionala... Irailaren 9an Nevadako Paradise Valley-ko Santa Rosa Basque Club-en txanda, Nevadatik Idahorako bidean, arrantxu eremu peto-petoan, unaiek eta arrantxariek musean egiten duten lekuan...
NABO Udaleku Boisen da aurten, uztailaren 20tik 28ra
Urrian sartuta, baina hemen 'udako euskal pikniken sasoia' deitzen duten horren barne, urriaren 8an, Kalifornia Rocklineko Euskal Besta da aurten azken hitzorduetako bat [urtearen arabera festa bat ala beste izan daiteke azkena], festa eta euskal klub gaztea da, baina ez ditu ezaugarri nagusienak falta: klika, bertako dantzariak, musika, kantua... musa ere bai, 'jakina'. Eta aurtengo azken piknika, Nevadako Las Vegasekoa, hiriko Lagun Onak Euskal Etxea antolatzaile, urriaren 9an.
PS: Ez da piknika, baina bai uda oro Estatu Batu mendebaldeko euskal ekimen garrantzitsuenetako bat NABO Udaleku. Aurten Boisen izango da, uztailaren 20tik 28ra Zuhaitzen Hirian.