euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joan den abenduan 'Izatez Harro' Euskal Etxea mutualitate gisa onetsi du Buenos Aires Probintziak

2011/02/09

'Izatez Harro' (sic) Euskal Etxearen logoa
'Izatez Harro' (sic) Euskal Etxearen logoa

PUBLIZITATEA

Gaztea da oso Mar Chiquita partiduko euskal etxea. Izan ere, 'Izatez Harro' erakundeko kideak 2009ko azaroan elkartu ziren lehendabizikoz. Baina euskal etxearen oinarriak ezarri bezain laster, lanari ekin zioten. Oso denbora gutxian, partiduko herrietako ekitaldietan beren presentzia handituz joan dira eta komunitateari begirako proiektuak martxan jarri dituzte. Horietako bat pasa den abenduan Buenos Aires Probintziak elkarteari mutualitate gisa emandako onespena da. Euskal Etxea izateaz gain Mutualitatea ere badira, beraz, eta honen bidez formakuntza alorrari ekin ahal izan diote iaz eta laster, datorren otsailaren 15ean, hornitegi edo denda bat inauguratuko dute.

Mar Chiquita, Argentina. “Nahiz eta euskal etxe baten asmoa Euskal Herriko kultura hedatzea den, guk eskualde honetan garatuta ez dauden hainbat zerbitzu gure kideei eskuratzea ere ezarri diogu geure buruari helburu”, azaltzen dute Mar Chiquitako 'Izatez Harro' euskal etxeko sortzaileek. Euskaldun gisa eta euskal etxe gisa komunitatearen alde lan egitea hartu dute xede, eskualdean dauden hutsuneak betez. “Hori dela eta mutualitate izaera ere hartu nahi izan dugu; ez da erraza izan baina lan handia egin ondoren lortu dugu”, beti ere herritarren zerbitzuan, aitortzen dute.

'Izatez Harro' Mutualitateak emandako lehenengo urratsa formakuntza-zerbitzua izan da. Proposamen honen bidez, lan arlo ezberdinetako trebakuntza ematen zaie hainbat laguni, tartean osasuna, legeak, turismoa, kirolak eta enpresa ikasketa arloetan, batzuk aipatzearren. “Proiektu hau gauzatzeko CIEP-ESCALA erakundearekin hitzarmena sinatu dugu eta datozen egunotan hasiko da 2011rako izena emateko epea”, kontatu dio euskal etxeko lehendakaria den Fernando Mandagaran-ek EuskalKultura.com-i.

Kideentzako hornitegia

“Orain, berriz, mutualitateko beste proiektu bati aurre egiteko garaia heldu zaigu”, jarraitzen du Mandagaran-ek. “Coronel Vidalen –Mar Chiquita partiduko herri nagusia– oinarrizko zerbitzuak daude. Hiri handietatik oso hurbil egoteak askotan ez du laguntzen. Jendea hiri horietara joaten da erosketak egitera; kari horretara Vidalen produktu batzuk ez dira aurkitzen, edo aurkitu egiten dira baina prezio garestian”.

Egoera honek bultzaturik, mutualitate berriak bere kideentzako hornitegi edo denda bat irekiko du. Hasieran jantziak salduko dira. Denborarekin, beste produktuen eskaintza ere egingo da. “Proposamenak, gauzatutakoan, harrera ona izango du zalantzarik gabe gure elkartekideen artean”, adierazten du Mandagaran-ek. “Gure bezeroek epeka ordaindu ahal izango dute, eta prezio onean, gainera. Lagun ugari ari gara proiektu honen alde lan egiten eta oso pozik gaude laster errealitate bihurtuko baita. Dagoeneko lokala alokatuta daukagu, Mariani kalean, 680 zenbakian. Otsailaren 15ean izango da inaugurazioa”.

Baina lan bikain honek ez ditu 'Izatez Harro'-ko kideak ohiko jai eta festa giro jendetsuko hitzorduetatik aldendu. Urtero bezala, aurten ere euskal etxeko ordezkariek hartuko dute parte martxoaren hasieran 'Moxalaren Jaian'. Horretarako, euskal standa prestatzen ari dira dagoeneko Mar Chiquitako euskaldunak.

Lotura interesgarriak

'Izatez Harro' euskal etxearen web orria
www.centrovascomch.webcindario.com

 

 

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia