euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal espioien historia jasotzen du atzo Madrilen aurkeztu zen 'Al servicio del extranjero' liburuak

2009/06/05

'Al servicio del extranjero' liburuaren portadako irudia
'Al servicio del extranjero' liburuaren portadako irudia

PUBLIZITATEA

Juan Carlos Jimenez de Aberasturi idazle eta historialariak eta Rafael Moreno, Universidad Complutense-ko irakasle eta espioitza munduan adituak, 'Al servicio del extranjero. Historia del Servicio Vasco de Información (1936-43)' liburua plazaratu dute. Lan honetan euskal espiotza zerbitzuen hastapenak kontatzen dituzte. Zerbitzu hau 36ko gudan sortu zen, Agirre lehendakariari informazioa emateko, eta AEBetako inteligentzia sareen parte izatera heldu zen 1943an, nazi eta komunisten ekintzak zelatatzeko.

Madril, Espainia. Atzo aurkeztu zen Madrilgo Gutierrez Mellado Unibertsitate Institutan Al servicio del extranjero liburua, Euskal Informazio Zerbitzuaren historiari buruzko kontakizun zabal eta jantzia. 'A. Manchado Libros' argitaletxeak plazaratu du lana eta bertan euskal zerbitzuak Bretainia Handia, Frantzia eta AEBetako zerbitzuekin izan zuen hartu-emana jasotzen da eta estatubatuarrei, ezkutuan lanean ari ziren hainbat nazi eta komunista harrapatzen nola lagundu zieten kontatzen dute egileek.

Liburuak euskal inteligentzia zerbitzuak jasan zuen kolperik latzena ere aipatzen du, 1940ean naziek 'Araba sarea' aurkitu eta desegin zutenean, operazio horretan erakundearen etorkizuna kinka larrian jartzen zuen dokumentazioa hatzeman zutelako.

Isilpeko urteak

Lanak euskal espioitza zerbitzu honen historia osotasunean biltzen du, hamarkada luzez isilpean egon dena, lanak berak zituen ezaugarriek eta lan egiteko moldeak lagunduta. Azken urteetan protagonistetako batzuk narrazio pertsonaletan eman dute euren lekukotasuna, baina liburuak lehen aldiz aztertzen du osorik erakundearen historia.

Liburuak zuzen-zuzenean jasotzen ditu espioi batzuen lekukotasunak, hala nola Bretainia Handiko MI6 zerbitzuko Arthur S. Dyer-ena. Dyer Bilbon egon zen II. Mundu Gudan, eta Jimenez de Aberasturik elkarrizketa egin zion 1995eko uztailean. Liburuan agertzen den beste testigantza zuzen bat Primi Abada Gorostiza euskal gudaroste bateko 'komandantearena' da, bere memoria mekanografiatuen bidez.

Berariazko artxibategi bat faltan

Egileek gai honi buruzko artxibategi baten falta azpimarratzen dute, euren ikerketa egin ahal izateko Euskal Herriko eta atzerriko hainbat fondo kontsultatu dituztela azalduz. Euskal Herrian oso garrantzitsuak izan omen dira  Irujo Artxibategia (Euskal Herriko Historia Garaikideko Dokumentazio Zentrukoa) eta Eusko Jaurlaritzaren Historia Garaikideko Dokumentazio Zentrua.

Horiekin batera atzerriko artxibategiak (AEB, Frantzia, Erresuma Batua, Venezuela eta Espainian) honakoak izan dira: FBI-aren Artxiboak, Franklin Delano Roosevelt Liburutegia, Venezuelako Unibertsitate Zentrala, Frantziako Defentsaren Zerbitzu Historikoa eta Columbiako Unibertsitateko Iberiar Ikasketen Bilduma, besteak beste.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia