Ontarioko Euskal Etxeak 68. afari solidarioa antolatuko du, otsailaren 28an. Bertakoek gustukoa duten jaialdia, inondik ere. Artxo edo arkumearen ohiko enkanteaz gain, aurten Boiseko Amuma Says No taldeak urteetan jo izan zuen Jim Jausoro Band-en lekukoa hartuko du. Izatez, taldeko perkusiojolea zen Domingo Ansotegiren semeak, Dan-ek, soinua jotzen du folk talde boisetarrean. “Oso pozik gaude bertan joko dutelako. Geurera jende gazte gehiago erakartzea espero dugu”, adierazi dio Lisa Corcostegui Ontario Basque Club-eko presidenteak EuskalKultura.com-i.
Ontario, AEB. “Azken hamar urteetan ez bezala, euskal talde batek joko du afarian”, esan du, pozarren, Corcosegui-k. Eta Amuma Says No ez da, gainera, edozelako taldea; jarraitzaile asko ditu eta, horrek, afarira jende gehiago erakartzea espero du bozemaileak. Hori dela eta, aurten, lehen aldiz, bi sarrera mota jarri ditu klubak salgai: afarira eta dantzaldira, bietara, joango direnentzat bat, eta dantzaldira baino joan gura ez dutenentzat beste bat. “Ez da aurretik ikusten erraza, baina espero dugu jende gehiago hurbiltzea. Betikoak etorri egingo dira, seguruenik, kontua da Amuma-ren jarraitzaileak gerturatuko diren ala ez”.
Gazteetan pentsatzen du Corcostegui-k. “Amuma Says No gazteak tradizioetara hurbilarazteko modu ona dela uste dugu, eta hori dugu helburuetako bat”. Horregatik ere, PayPal bidez sarrerak erosteko aukera ere eman dute, estreinekoz, beren webgunean. “21. mendekoak izateko esfortzua gabiltza egiten”, azaldu du, irribarrez, presidenteak. 25 dolar ordaindu beharko dute ekitaldi guztietara joan nahiko duten nagusiek; 7,50 dolar 3 eta 12 urte bitarteko umeek; eta 10 dolar dantzaldira baino joan gura ez dutenek.
Afaria 18:00etan hasiko da eta, jarraian, 30 minutuko dantza ikuskizuna eskainiko dute Ontarioko Beti Alai-ko txikitxoek. “Dantza talde heldua ere bagenuen lehen, baina askok utzi zuten, eta orain ume txikiak eta 10-12 urte bitarteko neska batzuk dauzkagu”, diosku Corcosteguik. “Benetan potxoloak dira txikitxoak,eta horrela, parte hartuz, jaiko partaideago sentituko dira”.
Gabiola familiak emango duen arkume edo artxoaren enkantea 20:00etatik 21:00era bitartean egingo dute. Presidenteak esan bezala, hasieratik eman izan diote diru hori komunitateari “eta, azken boladan, Payette (Idaho) eta Malheur (Oregon) konderrietan inbertitzen dugu dirua, bertakoak baitira bazkideetako gehienak”. 1973az geroztik, Marge Plaza Bekak ere finantzatzen dituzte: jatorri euskalduna duten ikasleak Treasure Valley Community College delakoan ikas dezaten.
Honen guztiaren ostean, 21:00etatik 23:30era bitarte, Amuma Says No-k berotuko du mugaldeko herriko gaua, nahi beste euskal melodia dantzatzeko.