euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Josu Ruiz de Gordejuelak Mexikoko euskaldunei buruzko liburua aurkeztu du DFn eta Mazatlanen

2008/06/11

Josu Ruiz de Gordejuela ikerlaria Centro Cultural de Españan egin zuen aurkezpenean (argazkia VascosMexico.com)
Josu Ruiz de Gordejuela ikerlaria Centro Cultural de Españan egin zuen aurkezpenean (argazkia VascosMexico.com)

PUBLIZITATEA

Josu Ruiz de Gordejuela Urquijo historialari arabarrak bere azken lana aurkeztu du egunotan Mexikon. Liburuak 'Los Vascos en el México Decimonónico, 1810-1910' izenburua du eta garai honetan herrialde iparamerikarrera emigratu zuten 5.000 inguru euskaldunen datuak jasotzen ditu. Ruiz de Gordejuelak hiru mintzaldi eskaini ditu Mexikon liburua aurkeztuz: hiriburuko Centro Cultural de España delakoan, Mazatlán hirian eta DFko Euskal Etxean. Hitzordu guztietara euskal komunitateko kide ugari bildu ziren, euren historiaren zati hori ezagutzeko gogoz.

Mexiko DF, Mexiko. Josu Ruiz de Gordejuela ikerlari arabarraren liburuak harrera ona izan du Mexikon, bertako euskal komunitateak idazlearen aurkezpenei eskainitako babesak erakutsi duen bezala.  Idazleak ekainaren 5ean egin zuen lehen aurkezpena, México DFko Centro Cultural de España aretoan. Berarekin batera bi gonbidatuk ere hartu zuten parte ekitaldian: Cristina Torales Pacheco,  Universidad Iberoamericana-ko Historia irakaslea, eta José María Urkia Etxabe, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako lehendakaria.


Jesus Ruiz de Gordejuelaren liburuaren aurkezpena Mexiko DFn1

[Ezkerretik eskubira Cristina Torales Pacheco irakaslea,  Josu Ruiz de Gordejuela eta José María Urkia Etxabe]

Mintzaldiak ordubeteko iraupena izan zuen eta hiriburuko euskaldun asko bildu zen bertara. Ekitaldiaren ostean Ruiz de Gordejuelak Mexikoko lagunak agurtzeko aukera izan zuen, bere liburuaren aleak sinatzen zituen bitartean. Idazleak harreman estua du Mexikoko euskal komunitatearekin eta kasu batzuetan euren laguntza ere izan du hainbat ikerketetarako materiala biltzeko orduan.

Jesus Ruiz de Gordejuelaren liburuaren aurkezpena Mexiko DFn4
[Josu Ruiz de Gordejuelak (eskubian) lagun euskal mexikar asko agurtzeko aukera izan zuen aurkezpenean]


Jesus Ruiz de Gordejuelaren liburuaren aurkezpena Mexiko DFn5
[Euskal idazle eta ikertzaileak bere azken lanaren aleak sinatu zituen (argazkiak VascosMexico.com)]

Mazatlanen eta DFko Euskal Etxean ere

Hurrengo hitzorduak Sinaloa estatuko Mazatlan hirira eraman zuen egilea, joan den ekainaren 6ean. Hiri honetan euskal ondarea oso nabarmena da, historikoki euskal familia asko bizi izan direlako bertan. Ekitaldia Ángela Peralta Antzokian egin zen eta bertan Ruiz de Gordejuelak era bizi eta erakargarrian azaldu zituen bere liburuaren nondik-norakoak. Berarekin batera aritu ziren Carmina Ramírez, Universidad Iberoamericanako katedratikoa, eta Luis Antonio Martínez Peña, Sinaloako Universidad Autónoma-ko Historia katedratikoa. Azken honek hiriko XIX. mendeko euskaldunen historia ekarri zuen gogora, batez ere Echeguren familiaren pasarteak. Familia hau garaiko garrantzitsuenetako izan zen eta Mazatlango industria, portu eta merkataritzan zeresan handia izan zuen. Azken aurkezpena atzo bertan izan zen, Mexiko DFko Euskal Etxean.


Lotura interesgarriak

Mexikoko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Vascosmexico-ren webgunea
www.vascosmexico.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia