euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jesus Lopategui eta Ramon Zugazaga nabarmendu ditu Elkoko prentsak hiri navadatarraren Mendeurrena dela-eta

2017/02/01

Jesus Lopategui eta Ramon Zugazaga (argazkiak Ondare Bizia)
Jesus Lopategui eta Ramon Zugazaga (argazkiak Ondare Bizia)

PUBLIZITATEA

Aspaldi bihurtu zuten biek Elko euren bizileku eta sortu zuten bertan familia. Orain, Elkok hiri bezala Mendeurrena betetzen duela-eta, Elko Daily Free Press egunkariak artikulu-sorta bat argitaratzeari ekin dio, herritar esanguratsuenak nabarmenduz eta hor sartu ditu Jesus eta Ramon. Seguru datozen asteetan euskal jatorriko elkotar gehiago agertuko direla, baina egia esan, ongi merezitako ohorea dute hau hurrenez hurren Bizkaiko Muxikan eta Gernikan jaiotako bi lagunok. Zorionak Jesus eta Ramon!

Elko, AEB. Elko hiriko gisa Mendeurrena ospatzen ari dela-eta, bertako Elko Daily Free Press egunkariak artikulu eta erreportaje sorta bat argitaratzeari ekin dio, "gaur egun ezagutzen dugun Elko honela izan zedin euren ekarpena ipini duten elkotarrak" nabarmentzea helburu.

Hiriko prentsa erreferentea den Elko Daily Free Press egiten ari den omenaldi eta aitorpen honetan, urtarrilaren 24an egunkariak Ramon Zugazagari eskaini zion artikulu osoa. Gernikan jaio eta aspaldi Elkora etorria, oso pertsona ezaguna da Ramon herrian eta Nevada iparralde osoan. Besteak beste, denbora luzean Elkoko euskal jatetxeen artean ikur izan zen Biltoki famatuaren sortzaile, ugazaba eta langile nagusi izan delako, eta baita esaterako Elko Euzkaldunak Basque Club euskal etxeko lehendakari ere urtetan.

Ramoni buruz eta bere ekarpenez irakurtzeko, ez soilik euskal komunitatearen barnean, Elkoko herriari oro har baizik, ikus hemen artikulua.

Baina pasa den azaroan ere, bertako beste euskaldun bat ere nabarnendu zuen egunkariak, Jess edo Jesus Lopategui, berez muxikarra, baina Ramon bezala urte gehiago pasatu dituena Estatu Batuetan eta Elkon bizitzen Euskal Herrian eta Bizkaian baino.

Elkarrizketak eta informazioa gehiago irakur ditzakezu Jesusez eta Ramonez euskal emigrazioaren Ondare Bizia ahozko historia proiektuan, Pedro Oiarzabal koordinatzaile. Ondare Bizia, Euskal Herrian, eta, Estatu Batuetan Memoria Bizia, gure emigranteek utzitako arrastoaren biltzaile izan nahi duten proiektuak dira, kasu honetan lehena modu orokorrean eta bigarrena Estatu Batuetako Diasporari eskainia.

Irakur hemen Ramon Zugazaga eta Jesus Lopateguiren istorioak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia