Madril, Espainia. Madrilgo Euskal Etxeak eta RSBAPen (Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais-Euskalkerriaren Adiskideen Elkartea) Madrilgo ordezkaritzak iaz sortutako saria da 'Vasco ilustre en Madrid' saria, izan ere "jendaurrean goratu edo omentzeko Madrilen bizi edo egoitza duen euskal jatorri edo loturako pertsona edo elkarte baten ibilbide eta merezimendua". Lehenengo edizioan, Luis de Lezama apaiz eta negozio-gizon arabarrak jaso zuen. Aurtengoan, Jesus Cimarro antzerki ekoizle bizkaitarra izan da aukeratua.
Zeremonia atzo urriaren 10a gauzatu zen, Euskal Etxearen egoitzan, eta lehenik Ohorezko Aurreskua dantzatu eta Agur Jaunak abestu zioten Jesus Cimarro-ri, EEko dantzari batek eta Etxeko Abesbatzak. RSBAPeko Madrilgo ordezkari Francisco Javier Olaciregi-k ongietorri hitzak esan zizkien bildutakoei eta Ignacio Amestoy antzerkigileak bere aldetik sarituaren lana eta ibilbidea goraipatu zituen. Saria jasotzean Cimarrok bere jaioterria ekarri zuen gogora, batez ere bertan jasotako “antzerkiarekiko maitasuna, ekintzaile espiritua eta auzolanaren balioa”. Horrekin batera, berarekin lan egindako emakumeak ere aipatu zituen, bereziki Pentación ekoiztetxeko zuzendariorde Kathleen López Kilcoyne.
Jesus Cimarrok Francisco Javier Olaciregiren eskutik jaso zuen sariaren estatuatxoa (argazkia EE)
Lagun ugari bildu ziren Euskal Etxean sariduna txalotzeko (argazkiak JC)
Jesus Cimarro (Ermua, 1965) erreferente handia da ikuskizunen munduan Madrilen. ‘Pentación’ enpresako zuzendaria da, La Latina antzoki madrildar famatuko jabea eta Bellas Artes Antzokiaren kudeatzailea. 2012tik Meridako Antzerki Klasikoaren Nazioarteko Jaialdiko zuzendari ere bada.