Sabrina Otegui Buenos Aires, Argentina / Ajaccio, Korsika. Argentinako euskal etxeen artean dagoen sarea birtuala baino askoz gehiago da. Jesica Ateca Saltakoa da baina Villa Mariako Euskal Etxean ikasi zituen bere lehenengo euskal dantzak eta euskarazko hitzak… azken hauek Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxeko Pablo Cufre irakaslearekin.
Urte batzuen ostean Cordoba hiriburura iritsi zen eta Geroran, euskaran ez ezik, euskal musikan ere murgildu zen. Nola hasi zen txistua jotzen? Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko Juan Ignacio Saez Abarrategui ikusita, Euskal Asteetan gazte arrecifestarrak jotzen eta aldi berean dantza egiten, gelditu gabe.
Jesicak ez du oraindik ikerketa sakonik egin bere euskal sustraiak nondik datozen jakiteko –baliteke bere familia Bizkaikoa izatea, Arrieta herrikoa–.baina euskal argentinar gizataldean aurkitu zuen bere etxea eta ez du oraingoz besterik behar. Eta nahiz eta gaur urrun egon –Frantzian dabil une honetan– Gerora Elkarteko kide izaten jarraitzen du eta horregatik hain zuzen, EuskalKultura.eus-ek elkarrizketa honekin ematen dion aukera baliatu nahi du agur bero bat bidaltzeko bere Euskal Etxeko lagunei, ospatzen ari diren 10. urteurren honetan. Mila esker, Jésica, zure ibilbidea gurekin partekatzeagatik! Eta zorionak, Gerora!
[Gerora Elkarteko Jesica Ateca txistulariari egindako elkarrizketa (itzulpena ez da literala)]
[Jesica Ateca Fer Zabaltza irakaslearekin]