euskal diaspora eta kultura
2014/05/26
PUBLIZITATEA
Bakersfield, Estatu Batuak. Kalifornia barnealdeko Bakersfield herriak bildu du joan den asteburuan NABO Ipar Ameriketako Euskal Etxeen federazioaren Convention edo Biltzar Nagusia eta bertako Kern County Basque Club (KCBC) euskal etxeak bere sorreraren 70. urteurrena ospatzeko antolatu duen ekitaldi programa. Denbora egon da hiru eguneko asteburuan --hemen astelehena jai da, Memorial Day-- proposamen ugari eskaintzeko Los Angelesetik autoz bi bat ordutara dagoen Kern konderriko buru den hiri honetara, 'betidanik' edo hiria sortu zenetik euskal presentzia eta euskal komunitate garrantzitsua izan duen Bakersfield-era.
EuskalKultura.com ere bertan egon da eta aste honetako datozen egunetan ospakizunen kronika ekarriko du bere orrialdeetara, gaurko hau aurkezpena baizik ez dela. Izan ere, Euskal Herriko eta Kaliforniako ordu-aldaketa dela eta --bederatzi ordu--, lerro hauek argitaratu direnean, astelehen goizean (Euskal Herriko orduan), Bakersfield-en bestak segitzen du oraindik, giro onean, besteak beste Euskal Herritik etorritako Luhartz taldearen musika eta erritmo kutsakorrak lagun.
[Ostegunean hasi zen asteburu luzeak (hiru-lau egunekoa, lehenengo ekitaldiak ostiralean izan baitziren eta azkenekoak gaur astelehena, jai Estatu Batuetan) arlo askotako ekitaldiak baitaratu zituen. Esaterako, Asun Garikanoren 'Kaliforniakoak' liburuaren aurkezpen bat, euskal etxearen egoitzan (argazkia EuskalKultura.com)]
[Bakersfield izan da, baita ere, Mikel Markez kantariak, Euskal Herritik etorrita, Estatu Batu mendebaldean zehar hasi duen birako lehenengo geldialdia, Noka hirukote euskal-kaliforniarreko Cathy Petrissans Walker, Andrea Bidart Oteiza eta Begoña Echeverria partaide (argazkia EuskalKultura.com)]
[Larunbatean jendea ibili zen festaren egoitza den Euskal Etxeko eraikin eta berdeguneetan, baina igandean, esparru osoa jendea sartu ezinik ibili zen, kanpo aldeko aparkaleku zabala ere goraino beteta. Irudian, Bakersfield-eko Klika eta banderariak igande goizeko meza garaian (argazkia EuskalKultura.com)]
[Bertsolariak ere berezko osagai zaizkio Kaliforniako hainbat euskal jairi. Asteburuan, Nevada-Renoko Jesus Goñi (ezkerrean) eta Wyoming-Rock Sprins-eko Martin Goikoetxea (eskuinean) ibili ziren kantuz (argazkia EuskalKultura.com)]
[Euskaldunek ongi pasatzeko tradizioz garatu dituzten bi kirol edo jardun ere leku propioz praktikatu ziren asteburuan Bakersfield-en: musa, txapelketa politarekin, eta pilota, bertako eta Euskal Herritik etorritako pilotariak partaide. Pilotazaletasun handia dago Bakersfield-en, bereziki kategoriako pilotariak ekar arazten dituztenean maiatzeko festa honetara (argazkia EuskalKultura.com)]
[Belaunaldi berriak ez dira atzean geratzen. Zenbait saltoki ipini ziren euskal etxeko berdegunean, tartean argazkian irribarretsu azaltzen den Mikaela Goicoechea 15 urteko gaztearena. Diseinatzailea da Mikaela, eta berak asmatutako diseinu bat daramaten elastiko eta jertseak saltzen estreinatu zen Bakersfield-en. Diseinu eta salerosle karrera baten abiatzea, doaike (argazkia EuskalKultura.com)]
[Gau aldean, ez zen faltatu hiru egunetan dantza eta gorputza mugitzeko aukerarik. Irudian, Luhartz talde bizkaitarra oholtza gainean, gazte multzo polita euren erritmoei segika (argazkia EuskalKultura.com)]
Orain arteko artikulua, beraz, izan dadila astean zehar argitaratzen joango garen artikuluen aperitifa, gogo eta gose piztailea.
(Segida izango du)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus