La Plata, Argentina. La Platako Euzko Etxeko anfitrioen espektatibak gainditu zituen joan den asteburuan 'Eguzkipean' bigarren kanpaldira bertaratu zirenen erantzunak. Euskal etxe ugaritako bazkideak, La Plata hiriko eta inguruko bizilagunak eta baita autoritate eta ordezkari politikoak ere hurbildu ziren euskal etxe laplatatarrak City Bellen duten aisialdirako gunera, dantza, kirola, jolasak, natura, gastronomia eta Sagardo Eguna barne hartu zituen agendaz gozatzera.
Izan ere, Euskal Herriko estiloan, baina Argentinan eta Rio Negroko sagarrez egiten den Txapela sagardo naturala zuzenean kupeletik, txotx erara, dastatzeko aukera izan zuten bildutakoek. Sagardo Eguneko otorduen eskaintza, berriz, Lomas de Zamorako Denak Batetik eta Tandilgo Gure Etxea-tik etorritako sukaldariek hartu zuten euren gain.
Dantzen alorrean, La Plata bertako Euzko Etxeko dantzariek eta Cañuelaseko Denak Batekoek eskaini zuten ikuskizuna, eta jokoa eta kirola maite dutenentzat ere aukera ugari izan ziren: oinezko zeharraldiak, boleibola, musa eta itsuen futbol taldeen erakustaldia. Oroigarri bat eraman nahi izan zutenentzat, Euzko Etxeko Matxin Burdin liburutegiak euskal artikuluak zeuzkan salgai bere standean. Eta eremuko kintxoan mural bat ezarri zen iazko Eguzkipeango zeramika-tailerrean egindakoa. Kanpin dendak muntatu ondoren, sutegia piztu eta abestien hotsa zabaldu zen.
Agintariak lagun eta edizio berria iragarria
Bertara bisitari edo lagun bertaratu ziren, besteak beste, Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagola, Buenos Aires probintziako diputatu Julieta Quintero, La Platako Udaleko Gizataldeen zuzendari nagusi Mauricio Castro, Garraioa Arautzeko Batzorde Nazionaleko zuzendari exekutibo Jose Arteaga eta La Platako zinegotzi Julio Irureta.
Euskal komunitateari naturan topaketa bat eskaintzeko eta, aldi berean, Euskal Herriko kultura zabaltzen jarraitzeko helburua beteta, “Ebaluazioa benetan positibo eta itxaropentsua egiten dugu geroari begira", esan dio EuskalKultura.eus-i Andoni Azkarate ekitaldiko koordinatzaileak. "Edozein jardueratan bezala, hobetzeko gauzak santzeman ditugu, baina diasporaren aldetik dagoen aldeko jarrera ikusita pozik eta konforme gaude. Zalantzarik ez dut hirugarren Eguzkipean bat izango dela”, aurreratu digu.