euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jende ugari New Yorken lehenengoz egindako Txakolin Egunean, aire zabalean eta Euskal Herri moduan

2011/05/09

New Yorkeko 'Txikito' euskal jatetxeak Manhattenen deitutako lehenengo 'Txakolin Eguna'ren ikuspegia (argazkia GarikoitzUdabe-Berria)
New Yorkeko 'Txikito' euskal jatetxeak Manhattenen deitutako lehenengo 'Txakolin Eguna'ren ikuspegia (argazkia GarikoitzUdabe-Berria)

PUBLIZITATEA

Jende ugari bildu zuen joan den Maiatzaren lehenean New Yorken lehenengo aldiz egindako 'Txakolin Eguna'k. Gauza berezia izan zen, Estatu Batuetan ez baitira egunero gertatzen honelakoak: txakolina (eta hein apalagoan sagardoa) dastatzeko aukera izatea; hainbat ekoizleren emaitzak dastatu eta alderatzeko eta iritzia emateko aukerarekin; zenbait chef-ek prestatutako mokaduak ezinbesteko osagai eta lagun; Manhattango kale arteko aire librean; eta deialdi honetarako propio ateratako edalontzi oroigarria eta guzti. Hitzorduak bildutako dirua, gainera, epilepsia sendatzeko ikerketetara bideratu zen. Garikoitz Udabek New Yorketik Berrian idatzitako kronika da.

Garikoitz Udabe/New York, AEB. Aparteko giroan egin da lehen aldiz New Yorken Txikifest deituriko jaia. Txakolinaren inguruan antolatutako jaia Manhanttango bederatzigarren etorbidea eta 24 eta 25. kaleen artean propio egokitutako tokian ospatu zen igandean, eta jendetza handia inguratu zen txakolina dastatzera.

Eguzkiak ere gogor jo zuen 13:00etan hasi eta 17:00etan amaitu zen festan. Horregatik, txakolina ere burura azkarregi ez igotzeko, urdaila betetzearen aldeko aukera egin zuten askok. Horretarako, hiriko zenbait sukaldarik prestatutako jakiak zeuden eskura. Txakolina inspirazio iturri hartu eta sortutako plater-pintxo txikiak.

Ameztoi, Uriondo, Xarmant, Itsas Mendi, Gorka Izagirre, Gurrutxaga, Doniene Gorrondona, Txomin Etxaniz, Berroia, Talai Berri eta Ulazia txakolin ekoizleek parte hartu zuten txakolina bultzatzeko eta ezagutarazteko antolatutako jaian, eta Isastegiko sagardoa ere probatu ahal izan zuten hura nahiago izan zutenek.

Inguruko euskaldunez gain, estatubatuar askok izan zuten txakolinaz gehiago jakiteko eta probatzeko gogoa, eta, horren ondorioz, zenbaitetan prestatutako gunea bete egin zen.

Txikito jatetxeak antolatutako jaialdiaren bidez eskuratutako dirua epilepsia sendatzeko ikerketetara bideratuko dute.

(2011-05-03an Berrian argitara emana)

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia