La Plata, Argentina. Azaroko azken asteburuan aspaldi bizi ez izandako elkarretaratzeak egin ditu Argentinako euskal gizataldeak. Batetik, La Pampako Macachinen, omenaldia euskal etorkinei eta, bestetik, La Platan, hiriko Euzko Etxeak antolatutako Eguzkipean Jaialdia. Hirurehun bat pertsona bildu ziren azken honetara, Mar del Plata, Bahia Blanca, Tandil, Chascomus, Chivilcoy, Cañuelas, Necochea, Misiones, Buenos Aires (Laurak Bat), Parana, San Miguel, Rosario, Lomas de Zamora, Maipu, San Nicolas eta La Platako bertako euskal etxeetatik etorriak.
‘Txapela’ euskal-argentinar sagardo naturalaren ‘txotx’ak eman zion hasiera festari eguerdi aldera eta bildutako jendeak sagardo freskoa dastatu ahal izan zuen, doan eta zuzenean kupeletatik, ordu biak arte. Sukaldaritza txokoen ardura Lomas de Zamora, Tandil, eta San Nicolas hirietako euskal etxeek hartu zuten.
[Argentinako I. Sagardo Eguna 'Txotx'arekin hasi eta sagardo basoratze kolektibo batekin bukatu zen (bideoa Txapela)]
Arratsaldean zehar ekintza politak proposatu zituzten anfitrioiek kirol zelaian. Eguraldia lagun, ibilaldiak, musa eta zeramika tailerrak eta kirol erakusketak egin ziren. Euskal dantzak bi txandatan banatu zituzten eta, aspaldiko partez jende aurrean dantzatu gabeko Bahia Blanca, Chascomus, La Plata (Denak Bat eta Zaharrak), Buenos Aires (Laurak Bat) eta Rosarioko dantzariek dantza erakusketa ederra eskaini zuten. La Platako EEko gainerako arloetako kideek ere bat egin zuten deialdiarekin, tartean boleibol, hockey, goalball, euskara eta mus taldekoek.
Larunbat iluntzean sua piztu zuten gazteek eta ordu txikiak arte geratu ziren dantzan eta abesten. Igandean, bazkaldu eta gero agur esateko momentua iritsi zen. Euzko Etxeko lagunak poz-pozik daude ekitaldiarekin eta datorren urtean Eguzkipean jaialdiaren bigarren edizioa egingo dutela jakinarazi dute.