euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aita Cachenaut eta Itziar Aguirre sukaldaria 8 Herrialdeak Zuzenean irratsaioan igandean (online)

2013/02/28

Ezkerretik eskubira Benoit Etcheverry, Robert Acheritogaray eta Adelaide Daraspe, irratsaioko esatariak (argazkia eitb.com)
Ezkerretik eskubira Benoit Etcheverry, Robert Acheritogaray eta Adelaide Daraspe, irratsaioko esatariak (argazkia eitb.com)

PUBLIZITATEA

"8 Herrialdeak Zuzenean" irratsaioarekin hitzordu berria dute Diasporako euskaldunek igande honetan, arratsaldeko 8etatik 9:30etara. Saioa mundu osoko euskaldunei zuzendua da eta internet bidez ere entzun daiteke Diasporako edozein bazterretik. Benoit Etcheverry, Robert Acheritogaray eta Adelaide Daraspe esatariek gidatuko dute saioa, ohi bezala, eta bi gonbidatu berezi izango dituzte: aita Jean Pierre Cachenaut, zortzi urtez AEBetako euskaldunen apaiz izan zena, eta Itziar Aguirre sukaldari euskal argentinarra.

Baiona, Lapurdi. "8 Herrialdeak Zuzenean" irratsaioak AEBetako eta Argentinako euskaldunen istorioak ekarriko ditu igande honetako emanaldian, Jean-Pierre Cachenaut eta Itziar Aguirre elkarrizketatuei esker. Aita Cachenaut iholdiarra AEBetako euskal komunitatearen apaiza izan zen 1977tik 1986ra, eta, denbora dexente igaro den arren, fier mantendu du harremana hango euskaldunekin. Cachenautekin batera munduan zehar ibili diren beste bi euskal apaiz izango dira solaskide: Aita Sala (35 urtez egon dena Casablancan, Marokon) eta Aita Iriquin, itsasotarra, orain dela 32 urtez dena Beninen, Afrikan.

Bigarren elkarrizketatua, Itziar Aguirre sukaldari argentinarra, Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeko jatetxeko sukaldaria izango da. Iaz, "Pilpileando Argentina" egitasmoaren baitan makina bat euskal etxeetan sukaldaritza ikastaroak eman zituen (ikastaroetan bildutako janaria eta dohaintzak "Pequeños gestos" fundazioaren bitartez haur behartsuei laguntzeko erabili dira) eta aurten ere ekimen arrakastatsu horrekin segitzekotan da Argentinako euskal etxeetan.

Parte hartu telefonoz!

Irratsaioa igandeko 20:00etan hasiko da (11:00am Pacific Time) eta mundu osoan entzun ahalko da, ohi bezala, euskalirratiak.info webgunean. Hileroko emankizun honen esatari dira Benoit Etcheverry (euskal Diasporan aditua eta 8Probintziak.com elkartearen sustatzailea), Robert Acheritogaray (San Frantziskon sortua, Basque Cultural Center elkarteko kide izana eta egun Euskal Herrian bizi dena) eta Adélaide Daraspe (Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxeko presidentea, bolada honetan Euskal Herrian dena). Saioa euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez izango da. Aipatu elkarrizketez gain, esatariak FEVAko zuzendari Ricardo Basterra ere zuzenean elkarrizketatzen saiatuko dira.

"8 Herrialdeak Zuzenean", ez da euskal diasporarentzako irratsaio bat, baizik eta "euskal diasporarekin, munduko euskaldunekin egiten den saioa", Benoit Etcheverryk EuskalKultura.com-i esan dionez. Nahi duenak parte har dezake bertan, zuzenean telefonoz deituz 00 33 5 59593060 zenbakira edo e-maila bidaliz irratia@8probintziak.com helbidera. "Hori asko maite dugu", gaineratu du Etcheverryk.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia