Estatu Batuetako euskaldunen apez 9 urtez ibilitako Jean-Pierre Cachenaut joan den igandean, bere apezgoaren 50 urteak ospatzen Azkaingo bere parropia berrian (argazkia Graxi Solorzano-EuskalKultura.com)
Berrogoita hamar urte apez bete ditu aita Jean Pierre Cachenaut-ek eta iragan igandean Azkaingo eliza jendez mukurru ospatu dute Azkaingo eta eskualdeko herritarrek eta apezaren familia eta hainbat lagunek, ongi etorri ederra emanik heien zerbitzari berriari. Honako kronika aste huntako Herria kazetak eman du argitara, Graxi Solorzanok idatzia.
Graxi Solorzano / Azkaine, Lapurdi. Beti bezala xuriz bezti, eskaileraren behereko aldean muntatua zen aldarea eukaristia ospatzeko, arrosa floka koloretsu batez apaindua ohiz kanpoko gertakaria seinalatzeko. Alabainan J.P. Cachenaut apezak egin du sartzea mukurru betea zen Azkaingo elizan, «Agur Jaunak» ozen bat denek kantatzen zutela. Azkaindar, Senpertar, Saratar bai eta ere familia eta Donapaleutarrak hor ziren bere inguratzeko, igande huntan egun handia ohoratzen-eta: bere jubilaua.
1965eko abenduan Vincent apezpikuak ordenatua, «apeza ez baita herri bati betikotz emana» berak dionaz, Iholdiar hau Baigorrin (1965- 1973), gero Angelun (1973- 1977), Euskaldunen omonier San Frantziskon (1977-1986), bikario Donibane Garazin (1986-1990), Baigorrin erretor (1990- 2004) eta azkenik (2004-2015) Donapaleun erretor, 50 urtez apez lana han eta hemen eginik, huna apez laguntzaile heldu zaukula Azkainera. «Apez oso» F. Garat parropiako erretorak erran dion bezala ongi etorria egiteko hitz hunkigarrian.
Belauneko ebakuntzaren («errugbiaren ondorio?» bere galdera) ondotik ez balinbada arinki ibilki oraino, pozik eta zerbitzatzeko nahikariarekin heldu da Lapurtarren bazketarat gure artzaina. Musikari eta kantari, familiako, parropiako eta lagunen erdian egin zaio ongi etorri beroa.
Berak begiztatu eta omore handiz salatu ere duela auzapez adiskide bat bazela «apaltasunez» sahetseko mailetan kokatua! Mezaren ondotik jendea bildu da parropiako zintzur bustitze herrikoian, berak hitz laburrez denak eskertzen zituela eta ondotik Azkaingo auzapezak, J.L Fournier jaunak agurtzen zuela errespeturekin.