Paue, Frantzia. Paueko Lagun eta Maita euskal etxeak Jean-Michel Chabagno hautatu du lehendakari berri irailaren 20an egin Zuzendaritza Batzordean. Erakundea 1967an sortuz geroztik seigarrena du, eta 2018ko martxoan hautatua izan zen Michel Lagan-i lekukoa hartzen dio, aurrekoak Jacques Etchebarne, Dominique Espil, Jean-Pierre Urrutia eta Pantxoa Challet izan zirelarik. Lehendakari berria, Ameriketako euskal diasporan jaioa da, Uruguaiko Mercedes herrian, bertara emigratutako guraso euskaldunen seme (aita uharte-garaztarra, ama, Bidegain, euskal arbasoduna Uruguain jaioa), 13 urte zituela familiarekin Euskal Herrira itzulia.
Lan ibilbidea industria kimikoan egin ondoren, erretreta hartu eta gero familiak eta gizarte- eta elkartasun-lanek hartzen dute bere denbora. Pilotazale handia, euskal kirol honek hurbilarazi zuen duela hamar bat urte Lagunt eta Maita-ra, bestela ere Xiberoko eta Biarnoko Elikadura Bankuetan ari dela lankide. Pilotan, Etchebarne Txapelketan hartu izan ditu azken urteotan bereziki euskal elkartean ardurak.
Bazkideen arteko elkar-eragiketa bultzatu
"Oraino sartzen ari naiz eta abiatzen nire ardura berrian" aitortu ondoren, lehendakari berriak adierazi dio EuskalKultura.eus-i "bazkideen arteko elkar eragiketa areagotzea" helburuetako bat izango duela, Lagunt eta Maita osatzen duten atal eta jarduera guztietako pertsonak, kantariak, dantzariak, muslariak, pilotariak-eta kontaktu gehiago izan dezaten elkarrekin, elkarte bereko kide.
Jean-Michel Chabagnok aitortu digu oraino gauzak deskubritzen ari dela, baina "motibazio onez" karguratu dela, "kontent" bere etapa berrian, kurtso hasiera honetan. "Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko arrakasta handiko ekitaldi bat egin genuen irailaren 11ean --aurrez-aurreko lehenengoa zen pandemiaz geroztik-- eta aste honetan Gau Eskola eta dantza errepikak hasiko ditugu". "Ilusio handiz begiratzen diogu baita ere urriaren 16an Bordelera egingo dugun txangoari, hiriko Euskal Etxekoekin eguna pasatzeko", esan du.
Uruguain azkeneko aldiz duela hiru bat urte egon zen, Bidegain familiaren bilkura batean, Mercedes bere sorterri ondoan "Rio Negro gainean", Ameriketako ahaideak bisitaturik Uruguai, Argentina eta Txilen. Gaztetan bi urte eman zituen Venezuelan, zerbitzu soziala egiten frantses estatuarentzat, eta orduan pare bat aldiz Caracaseko Euskal Etxea bisitatzeko aukera izan zuen, paletazale handia baita, bertako kantxetan aritzeko.
Gogora dezagun Pauseko Euskal Etxeak berritua duela orain gutxi bere webgunea. Hona bere Zuzendaritza eta gidaritza taldea osatzen duten kideak:
Bulegoa
-Jean-Michel Chabagno (lehendakaria)
-Mayalen Bonnemason Carrere (lehendakariordea)
-Jean-Marc Carricart (lehendakariordea)
-Michel Lagan (lehendakariordea)
-Jean-Marc Olharan (lehendakariordea)
-Anne-Marie Casajus (idazkari orokorra)
-Aña Olharan (idazkariorde orokorra)
-Elisabeth Recalt (diruzaina)
-Michel Campagne-Mina (diruzainordea)
-René Sallaber (EEko arduraduna)
Administrazio-Batzordeko gainerako kideak (arloarekin, hala badagokio)
-Henri Aguer (Musika)
-Marie-Lupé Alza (Basa Andere)
-Henriette Amestoy
-Hélène Barucq
-Sandra Dannoot
-Odile Dulau (Gau Eskola eta Dantz'Erroak)
-Marion Espilondo (Dantza Eskola)
-François Etchebarne
-Fernandez (Materiala)
-Pascal Gachen (Hegaldia)
-Jean-Michel Gremaux (gizon-emazte korala)
-Jean-Bernard Hermenier
-Christian Justes
-Paul Lavignasse
-Beñat Mandagaran (kontukari aditua)
-Laurence Rangotte
-Marie-Françoise Ribeton (Lagunt'Aide)
-Henri Sapioule (Pilota)
-Marcel Sein (Lagunt'Aide)
-Claude Serrano (Ixtorio)
Ohorezko lehendakariak: Pantxoa Challet eta Jean-Dominique Espil