Donostia-San Sebastian. Estatu Batuetako euskal diasporari eta bereziki San Frantziskoko euskal komunitateari lotuak diren lagunak bi elizkizun eta oroitzapen-ekitaldirekin topatu dira aste honetan Euskal Herrian, Ipar Kaliforniako "Badiako Hirian" zendu diren bi pertsona oso ezagun eta estimaturen gorazarre. Osasunez ahuldua, azaroaren 10ean hil zen Jean-Leon Oçafrain eta asteartean egin diote elizkizuna Ortzaizen, eliza jendez mukuru, herriko apezarekin batera aita Jean-Pierre Cachenaut eta aita jean Eliçagaray, biak AEBn euskaldunen omonier edo kapilau izanak, meza-emaile.
Bankarra sortzez, Jean-Leon San Frantziskokoa zen Ameriketan. Mayte emaztearekin familia bertan sortu eta Millbraen bizi zen. Duela 20 urte pasa etxea erosia zuten Ortzaizen, eta bertara biltzen ziren udan. Euskal Herriko meza hau antolatu eta bertara bildu dira emaztea eta, Isabelle eta Xabi seme-alabak, familia eta lagunak, asko emigrazioari lotuak. Pilotazale, muslari, kantari eta SFko Basque Club-eko (BC) eta Gure Euskal Etxeko (BCC) kide eta arduradun ere izan zen Jean Leon. 81 urtetan hil da eta elizikizunak itsasoko bi aldeetan izan ditu.
Johnny, elizkizuna larunbatean Ezterenzubin
Pertsona publikoagoa, hala baitira bertsolariak, Johnny Curutchet euskaltzale atxikia, muslari, pilotari, kantari, dantzari eta, bereziki, bertsozale eta bertsolaria zen. Johnny Curutchet (euskaraz Kurutxet ere idaztea maite zuen) San Frantziskon jaio zen eta berak bi urte zituenean familiarekin itzuli zen Euskal Herrira eta Ezterenzubin hazi, gero, 20 urtetan, itzultzeko San Frantziskora. Euskal besta, elkarretaratze, meza eta bestelako hainbat hitzordu eta bileretan bertsolaritzaren lekukotasuna ematen zuen, horretaz eta euskalduna izateaz harro, beti txapela buruan.
Johnny Curutchet-en agurra San Frantziskon NABOk 2022an AEBko bertsolariei eginiko Omenaldian
Bertsolaritzaren sua fier atxiki zuen hil arte San Frantzisko eta Kalifornia-Nevada aldean. Bertsolari gisa "National Endowment for the Arts" sari nazionala jasotakoa zen 2003an Washington hiriburuan, sari potoloa AEBko kultura munduan. Euskal Etxeko ekitaldiek bere gabezia sentituko dute zalantzarik gabe. 78 urterekin zendua da azaroaren 26an, eta Euskal Herriko familiak, ilobek eta lagunek elizkizuna antolatu dute bere oroimenez larunbat honetan Ezterenzubiko elizan 11etan, bertsolari lagunak ere partaide.