Bordele, Frantzia. Etxepare Euskal Institutuak eta Université Bordeaux Montaigne unibertsitateak “Jean Haritschelhar Katedra” abian jarriko dute 2017. urtean, unibertsitate honetan euskal ikasketak sustatzeko asmoz. Katedrak omenaldia egiten dio Euskaltzaindiaren buru izan zen Jean Haritschelhar (Baigorri 1923-Biarritz 2013) euskaltzale, literatura ikerlari eta politikariari.
Etxepare Institutuak aditzera eman duenez, Katedrak Jean Haritschelharren ikerketa eremu izan ziren euskal ikasketak, bereziki literatura eta linguistika, eta iberiar ikasketak sustatuko ditu, Haritschelharren beraren izpiritu izan ziren nazioarteko eta mugaz gaindiko harremanak bereziki zainduz.
Hala, datorren urtean hitzaldi ireki bat eta nazioarteko mintegi bat École Doctorale deitutakoaren baitan antolatuko dituzte, eta, mugaz bestaldeko elkarlanari eutsiz, irakasleak hitzaldiak eta eskolak emango ditu UPV/EHU-n eta Baionako IKER Ikerketa gunean.
Langile porrokatua
Hitzarmenaren sinadura ekitaldian, Mari Jose Olaziregik gogora ekarri zituen Haritschelharren gaitasun akademiko eta diplomatikoa, eta baita eskuzabaltasuna era. Olaziregik gertutik ezagutu zuen, Euskaltzaindiako Literatura Ikerketa Batzordeko kide izan baitziren biak.
“38 urtez aritu zen Haritschelhar Euskaltzaindian, zuzendaritza kargu desberdinetan, eta hainbat ikerketa kaleratu zituen 400tik gora sarrera dituen bere argitalpen zerrendan”, nabarmendu zuen Olaziregik. “Langile porrokatua, katedra honekin saiatuko gara bere ekarpena ohoratzen eta berak hasitako hainbat bideri jarraipena ematen”.
Eleaniztasuna ardatz
Katedraren ardura akademikoa honako adituek izango duteosatzen dutena: Frédérick Boutoulle Université Bordeaux Montaigne unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako burua, Jean Casenave eta Aurelia Arcocha katedradunak (UBM), IKER guneko zuzendari Ricardo Etxepare eta Mari Jose Olaziregi (EEI/EHU) bera.
Adostu zutenez, Katedra berriaren lehen programak eleaniztasuna izango du ardatz eta 2017ko udaberrian mugaz bi aldeetan burutuko da.
Zortzi katedra sei urtetan
Jean Haritschelhar Katedra Etxepare Euskal Institutuak zabaldu duen zortzigarrena izango da. Hauek dira, hain zuzen, 2011. urteaz geroztik Institutuak nazioartean sortu dituenak: Bernardo Atxaga Katedra (CUNY, New York), Koldo Mitxelena Katedra (University of Chicago), Eduardo Chillida Katedra (Goethe Universität Frankfurt), Manuel Irujo Katedra (University of Liverpool), Jon Bilbao Katedra (University of Nevada-Renoko), Eloise Garmendia Bieter Katedra (Boise State University) eta William A. Douglass Katedra (University of Massachusetts Amherst).
Emaitza aipagarriak ematen ari den katedra sare honek, euskal ikerlariak nazioarteko unibertsitate gune entzutetsuetan graduondoko irakaskuntza eta ikerkuntza burutzea dute helburu, Euskal Ikasketak nazioartean hedatu eta sendotzeko Institutuak Mari Jose Olaziregiren gidaritzapean azken bost urteotan zehaztutako estrategiaren barruan.