euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jean-Claude Iriart, EEPko zuzendari: 'Euskararen egoera aski larria da Iparralden, hortik landa egin behar dugu lan'

2008/04/18

Euskararen Erakunde Publikoko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak 2007an lankidetza akordioa sinatu zutenean
Euskararen Erakunde Publikoko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak 2007an lankidetza akordioa sinatu zutenean

PUBLIZITATEA

Duela lau urte hasi zen jardunean Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) eta egun ere Jean-Claude Iriart zuzendariak euskarak Iparraldean duen egoera oso larria dela onartzen du, nahiz eta aurrerapausoak eman diren. 'Lehena EEPren sorrera bera, lehen aldikotz Frantziako botere publikoek adostu zutelako euskararen aldeko erakunde bat bultzatzea'. Erakundearen lehentasuna haur eta gazteen artean euskara sustatzea da, 'eurak direlako berpiztearen oinarri'. Helburu horrekin irakaskuntza arloan euskaraz klaseak ematen dituzten 20 gune berri ireki dituztela adierazi dio EuskalKultura.com-i Jean-Claude Iriart-ek.
Euskararen Erakunde Publikoaren sorrera 2004ean ofizialki iragarri bazuten ere, 2005ean hasi zen egiaz bere jardunean Jean-Claude Iriartek zuzentzen duen erakundea, Max Brisson UMPko politikaria erakundeko lehendakari. Orduan euskarak Iparraldean zuen --eta duen-- egoera Eusko Jaurlaritzak eginiko inkesta soziolinguistikoaz baliatuz aztertu zuten, eta egun ere 'aski larria' dela onartzen du Iriartek. 'Oinarri bezala egoera hori hartu genuen eta hortik landa egin behar dugu lan'.

2006ean, erakundeak euskara sustatzeko politikak zeintzuk izan behar zuten definitu zuen eta 2007tik aurrera EEPren lan ildoak ezartzen dituen Hizkuntz Politika Proiektua sortu zuen. Proiektu hori gauzatu ahal izateko Iriartek Frantziako botere publikoak eta Estatua bera erakundearen parte izateak duen garrantzia azpimarratzen du. 'Estatua hor egongo ez balitz ezin izango genioke euskarazko irakaskuntzaren problemari aurre egin', azaltzen du.

Haur eta gazteen irakaskuntza

Iriartek agertzen duenez, EEPren lehentasunetako bat haur eta gazteak dira, euskararen 'berpiztearen oinarri eurek direlako'. Hori dela eta erakundeak iraskaskuntza arloan 'eskaintza karta hedatzeko' ahalegina egin dute. 'Lehen gurasoek leku batzuetan ezin zituzten euren haurrak euskara irakasten duten eskoletara eraman. Orain 20 gune berri ireki dira, sare publikoan, katolikoan eta ikastoletan. Ez da marka txarra', dio EEPko zuzendariak.

Beste lan ildo garrantzitsua Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan euskara bultzatzen ari diren elkarteei diru laguntzak ematea da. Joan den otsailean EEPek eta Eusko Jaurlaritzak lankidetzan egin zuten dirulaguntzen deialdia, eta maiatzaren hondarrean jakitera emango dute zeintzuk diren laguntza horien onuradunak. 'Mugaz bi aldeetako elkarteek laguntzak elkarrekin kudeatzea garrantzitsua da', azaltzen du Iriartek.

EGAren kargu 2009an

Euskaltzaindiarekin ere lankidetza hitzarmena du EEPek eta hori dela eta aurten lehen aldiz Euskararen Erakunde Publikoak EGA azterketen antolakuntzan parte hartuko du. 'Aurten gauzak hurbiletik segituko ditugu, eta 2009an EEPek hartuko du Euskaltzaindiaren lekukoa', adierazten du erakundeko zuzendariak.

EEP sustatzen ari den beste ekimen bat frantsesa-euskara hiztegi berria prestatzearena da, baina Iriartek azaldu duenez 3 urteko proiektua izango da hau. Beste ekimen asko Euskal Kultur Erakundearekin (EKE) lankidetzan egiten dituzte. 'Hautua egin zen EEPren sorreran. Gurea hizkuntzari buruzko erakundea da, hizkuntzaz arduratzen da beraz, eta EKEk kultura, euskaraz eginiko kultura sustatzen du, horregatik bertsolaritza arloan, argitalpenen arloan-eta lankidetzan aritzen gara', azaltzen du.


Lotura interesgarriak

Euskararen Erakunde Publikoa
www.eke.org atarian

Euskal Kultur Erakundea
www.eke.org

Jaurlaritzak eta EEPk lankidetza akordio historikoa sinatu zuten
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 9an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia