Londres, Ingalaterra. Londresko Euskal Etxetik heldu zaigu gonbidapena, ekainari ongietorria "merezi moduan" emateko, nola eta geure buruari eskuzabalki oparituz Idoia eta Bea Asurmendi ahizpek Londresen elkarrekin eskainiko duten kontzertua. Ez da opari txikia, ez. Harrituko zara bakoitza bere bideari jarraituz Bea Asurmendi eta Idoia Asurmendi ahizpa aramaiotarrekin, musikari eta kantari puskak dira, eta itzela da bakarka zein bikote gisa egiten dutena, ikus eta entzungai larunbatean Londresko Kentish Towneko MAP Studio Cafe-n (46 Grafton Road London NW5 3DU), 20:30ean hasita. Londresen bazabiltza, ez galtzeko modukoa.
Idoia Asurmendiri buruz, euskal etxe londrestarrak bidalitako oharrak 'De amar y desandar' kontzertuan "bere bigarren diskoa aurkeztuko duela esaten digu (ikus beherago bideoak). Maitasunaz, hazkunde pertsonalaz eta bide horretan sortutako oroitzapenez hitz egiten duten abestiek osatzen dute bere lan berria. Bidaia bat urte hauetako bizipenetan barrena, non, bere kaligrafia bereziarekin, sentiberatasunez, samurtasunez eta folk, pop edo blues ukituez betetako abestiak hurbiltzen dizkigun berriro".
Idoia Asurmendi: Momo (De amar y desandar)
Idoia eta Bea Asurmendi elkarrekin: Mare
Bea Asurmendi lagun batzuekin, "What Is This Thin Called Love"
Bea Asurmendi, berriz, jazza eta folka fusionatzen dituen euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko abesti intimo eta hunkikorrez osatutako bilduma aurkeztuko duela dio. Bere ahots bereziak inprobisazioa oinarri duen emozioz beteriko soinu paisaia bat erakusten digula, heriotza, herrimina, osasun mentalaren garrantzia, maitasun propioa eta sororitateari buruz hausnartzera gonbidatzen gaituena.