Caracas, Venezuela. Zorioneko daude Venezuelako euskaldunak, plazaratu berria den bere azken alearekin, uztailekoarekin, 100 zenbaki bete baititu bertako Jazoera hilabetekariak. 2011ko apirilean atera zen, Aste Santu bezperan, aldizkariaren lehenengo alea, Caracasen Euskal Herriko gurasoen seme jaiotako Pedro Javier Arriaga Aguirre-ren eskutik. Venezuelako euskal etxeen berriak ez ezik, Euskal Herrian dauden venezuelarrei buruzkoak eta oro har diasporaren lagunek gustuko dituzten artikuluak ere jasotzen ditu buletinak hilero.
Gogora dezagun zortzi eta ehun zenbaki hauen atzean, Caracas eta Venezuelako euskal komunitateko erreferente den Javier Arriaga Aguirreren lana dagoela, eta berak militanteki aurrera atera duela buletina, kolaboratzaile taldeska bat lagun. EuskalKultura.eus-i jakinarazi dionez, bere buruari ezarritako lan honekin gurasoek pasatu zioten legatuari, berak Eusko Etxean bizi izan zuen eta bizitzan garrantzitsua izan zaion legatuari ohore egin nahi izan dio, eta bere eskuetan dagoen heinean postura egin du bere alabei ere pasatzeko. Belaunaldi oso baten ahaleginaren emaitza diztiratsua izan zen berak gaztetan ezagutu izan zuen Eusko Etxea, askok "Euskadi txiki bat Venezuelan" bezala ezagutzen zutena, eta zinez lotua sentitzen da bere izate eta aurrerabidearekin.
Ehungarren zenbaki honetan Arriaga Aguirrek gogoan ditu gurasoak, haien belaunaldia eta denboran zehar Eusko Etxeari bizitza ematen lagundu duten guztiak. Eskerrak ematen dizkie baita ere Jazoerarako berriak edo argazkiak pasatu dizkietenei, eta modu batera edo bestera sostangatzaile izan direnei, besteak beste animoak emanez eta artikulu eta iruzkinak idazten.
Zorionak, Jazoera! Urte askoan!
Jazoera sareetan:
@jazoera
JAZOERA, Publicacion de la Comunidad Vasco Venezolana
https://centrosvascosvenezuela.com/jazoera/
http://jazoera.blogspot.com