Caracas, Venezuela. Venezuelako euskal gizataldeak oso berri on batekin bukatuko du urtea. Caracas eta Venezuelako euskal komunitateko erreferente den Pedro Javier Arriaga Aguirreren eskutik, ‘Jazoera Radio’ irratsaio laburra jaioa da, "euskal-venezuelar komunitatearen ahotsa" bilakatzeko asmoz. Saioak 20 minutu inguruko iraupena du “lehengo, egungo eta geroko isstorioak, pasadizoak, bizipenak eta musika eta informazioa” barne. Adriana Lobascio eta Arriaga senar-emazteak dira ekoizle eta aurkezle eta astelehenero argitaratuko da.
Momentuko, saioa proba-fasean dagoela azaldu dio Arriagak EuskalKultura.eus-i eta une honetan e-postaz edo whatsapez eskura daiteke, Facebook eta Twitter sare sozialetan edo hala nahi duenak IVOOX plataforman (hemen) ‘Jazoera Radio’ izenpean.
Oraingoz atera diren bi saioei buruz galdetuta, Arriagak esan du “Egunetik egunera hobetzen" ari direla. "Oraindik ere hobeak izan nahi dugu, gure komunitatearen komunikaziorako biderik onena izateko”, adierazi digu Jazoera buletin idatziko arduradun ere baden Arriagak.
Lerro hauetatik ongietorria medio berriari, eta onena opa diogu, gutxienez aurten ehungarren zenbakira iritsi den Jazoera buletinaren iraupen bera.