Caracas, Venezuela. Jazoerak, Caracaseko Eusko Etxeko berri buletin digitalak, artikulu sorta zabala eskaini dio azken alean "La Txalupa" irratsaio historikoari. Jakina denez, "La Txalupa", 1965etik 1977ra Caracasetik egin zen irratsaio klandestinoa izan zen, Baionako Radio Euzkadi irratia itxi zutenean haren lekukoa hartu eta Euskal Herrian entzuten zen erresistentziaren ahotsa bihurtu zena.
Berriki, "La Txalupa" irratsaioaren sustatzaileak izan zituzten gogoan Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiak "Bizkaitar Argia" saria eman zioenean Radio Euskadiri, bere 70 urteko ibilbideagatik. 70 urte horietatik, dozena bat Venezuelatik egin ziren irratsaio harenak dira. Jazoeran irratia martxan jarri zuten euskal-venezuelarren abentura azaltzen du Iñaki Anasagastik (berak zazpi urtez zuzendu zuen "La Txalupa"). Sari emate ekitaldian, irratsaioa abian jarri zuen taldeko beste zenbait partaide izan ziren, esaterako Gerardo Bujanda, Paul Aguirre eta Jone Insausti.
Anasagastik artikuluan gogora ekarri duenez, 1954an Baionatik emititzen zuen Radio Euzkadi itxi zutenean, Francoren diktadurapean bizi ziren euskaldunak erbesteko euskal gobernuaren eta erresistentziaren ahotsik gabe gelditu ziren. Caracaseko euskaldunek, hori ikusita, irrati horri berriz aireratzea erabaki zuten eta lanean hasi ziren, isilpean. Inork gutxi pentsa zezakeen Venezuelatik Euskal Herriraino iritsiko zen irratsaioa egin zitekeenik, eta hori izan zen euskal-venezuelar hauen akuilua (eta Francoren espioiengatik babesa).
Taldeak petrolera baten antena zaharrak erosi zituen -euren dirua jarrita- eta emititzen hasi ziren. Anasagastik abentura honen sustatzaileak aipatzen ditu:
"Jokin Inza taldeko ekonomista izan zen, eta ingurukoei dirua eskatuz lortu zuen egitasmoa aurrera ateratzea; Jose Joaquin Azurza, irratia uhin laburretan Euskadira heltzea lortu zuen injenieria; Alberto Elósegui, saio eta lelo guztien burmuina; Xabier Leizaola, taldeko gizon hona, abentura hura 13 urtez inork ezer jakin gabe aurrera ateratzea lortzeko ezinbestekoa; eta Iñaki Zubizarreta, Venezuelako gobernuaren baimenak lortu zituena"
Horiez gain, irratsaioak talde handi bat izan zuen atzean:
"Hauek dira izen guztiak: José Abasólo, Paul Agirre, Perú Ajuria, Aita Patxi Albizu, Bingen Ametzaga, Julián Amezkua, Iñaki Anasagasti, Tomás Andondegi, Feliciano Aranguren, IñakiAretxabaleta, Joseba Arriaga, Ixaka Atutxa, Isaías Atxa, José Luis Atxa, Julián Atxurra, JoséJoaquín Azurza, Félix Berriozabal, Txomin Biskarret, Miguel Briceño, Jontxu Castañero, Vicente Cervera, Ventura Chico, José Eleizalde, Iñaki Elguezabal, Alberto Elosegi, Iñaki Erkoreka, Domeka Etxearte, Jesús María Gallastegi, Jon Garaigordobil, Luis José García, Maite Garitaonaindia, Jon Gómez, Santiago Guruzeaga, Jone Insausti, Jokin Inza, Jesús Irazabal, Pello trujo, Joseba Iturralde, Iñaki Landa, Jon Leizaola, Maite Leizaola, Xabier Leizaola, Kepa Lekue, Pedro León, Ricardo Líbano, Juan Mari López Eizagirre, Txomin Llanos, Aita Antonio Mendiluze, Rafael Mendizabal, Tomás Mitxelena, Süvino Mugarra, Andoni Olabarri, Eukeni Olabarrieta, Jon Mikel Olabarrieta, Joseba Olabarrieta, Jon Olabeaga, Mikel Oksagasti, Juan Ortiz, Ixaka Orue, Lander Quintana, Guillermo Ramos, Miren Solabarrieta, Aita Iñaki Ugalde, Aita Bonifacio Urkizu, Garbiñe Urresti, Joseba Urresti, Josu Urresti, Paulín Urresti, Joseba Urruzuno, Julene Urzelai, Ignacio Zuazo, Iñaki Zubizarreta eta José María Zugarramurdi".
Irratsaioan parte hartu zuen ere Arantzazu Amezaga idazleak, berriki Manuel de Irujo saria irabazi duen idazle nafarrak eta erbesteko historialariak. Jazoeraren azken ale honek artikulu bat eskaintzen dio Arantzazuri. Erbestean jaioa, Argentinan, Uruguien eta Venezuelan bizi izan da Amezaga, eta irratia abian jarri zuen taldeko kide izan zen. Amezagak irratsaioaren esperientziari buruzko liburu bat idatzi du: "La txalupa de Radio Euzkadi" [Informazio gehiago, EuskalKultura.com-ek 2009an egin zion elkarrizketa honetan].
Artikulu hauek guztiak eta beste askoz gehiago irakurtzeko, eskatu Jazoeraren azken alea jazoera@gmail.com helbidera idatziz.