euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Jazoera' buletina jaio da Caracasko Eusko Etxean, euskal venezuelarren barne-lokarri bilakatzeko asmoz

2011/04/18

Jazoeraren lehenengo zenbakiko bi aurreneko orrialdeak (argazkia EuskalKultura.com)
Jazoeraren lehenengo zenbakiko bi aurreneko orrialdeak (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Jaio berria da, joan den ostiralean, Caracasko Eusko Etxearen baitan, 'Jazoera', hiriburu venezuelarreko euskal etxea eta haren inguruan mugitzen den euskal komunitatea animatzeko, inarrosteko eta biziberritzeko asmotan kaleratzen hasi den hilabetekaria. Lehenengo alean, bere aurkezpena egitearekin batera, datorren igandeko Caracasko Aberri Egunerako deia egiten du, etxe barruko berri laburrak dakartza, komunitateko jaioberrien argazkiak eta Euskal Herriko berriak, besteak beste. Deia egiten die parte hartu nahi dutenei. Bestalde, bihar emango du EuskalKultura.com-ek joan den larunbatean Galdakaon eginiko urteroko bilkura euskal venezuelatarraren berri.

Caracas, Venezuela. Joan den astean munduratu zen Caracasen 'Jazoera'ren lehenengo alea, 2011ko apirilari dagokion agerkari euskal venezuelatar berria. Hilabetero plazaratzeko asmoz ateratzen da, Pedro Javier Arriaga Aguirrek koordinatuta. Xinple jaio da, word-ean idatzia eta aurreneko zenbaki honek lau orrialde dauzka. Bere burua aurkeztuz agertzen duen editorialak, lankidetzak eta bateko eta besteko ekarpenak arras ongi etorriak direla dio.

Hizkuntzari dagokionez, gaztelania hutsean dator, izena salbu. Horri buruz galdetuta, helburua elebiduna egitea daukala, baina oraingoz hala edo hola hasi nahi izan duela, esan dio EuskalKultura.com-i aldizkariaren koordinatzaileak, eta datozen aleetan euskarak lekua izango duela.

Lehenengo zenbakiko edukiak editoriala biltzen du, eta Eusko Etxeko deiak eta ekimenak --hala nola datorren igandeko Aberri Egunekoa, mus txapelketa eta pilota lehiak--; albisteetan, EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarrik martxoaren 13an Caracasen eman zuen Diasporari buruzko hitzaldiaren berri ematen du, ekitaldiko argazki batez hornitua; Hilabeteko argazkia saila ere badu, Euskal Herriko albisteena; baita jaioberriena ere, oraingoan Naroa Sofia Arriaga Lobascio eta Ainara Salinas Mejias aipatuz.

Buletina apal, baina "hazteko asmoz" sortu dela aitortzen dute bere orrialdeek. Hastapen honetan, Caracasen jaio da eta bertako berriak bakarrik islatzen ditu, baina bokazioz eta Venezuelako beste bi euskal etxeetatik berriak bidaltzen badizkiote, gustu handiz argitaratuko lituzkeela aitortzen du. Buletina, bere irakurleen erabakitzen dutena izango omen da, horretarako aski lankidetza inguratzen badu.

Jazoera, bertsio inprimatuan banatzeko sortu da, esan nahi baita bertako euskal komunitatean ordenagailuekin eta internetekin harreman handirik ez duten adinekoengana iritsi nahirik, baina baita gainerakoak ere. Internet bidez banatzen da gehienbat. Harpidedun egiteko, edota iruzkinak, berriak edo dena delakoak bidaltzeko, idatzi hona: jazoera@hotmail.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia