euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Javier Salvarredi: "Mahatsa 'Atxona' izenarekin ekoitzi eta merkaturatzen dugu Argentinan, gure aitona zenaren ohorez"

2014/09/04

Javier Salvarredi atzealdean Aconcagua mendia duela
Javier Salvarredi atzealdean Aconcagua mendia duela

PUBLIZITATEA

Javier Salvarredi Astargo, Argentinako Mendozan jaio zen orain 32 urte. Bere bizitza nola partekatzen duen galdetuta, familiaren mahastien artean, euskal etxeko buruzagi gisa daramatzan jardunetan, musikari eta kirolei --txirrindularitzari eta futbolari bereziki-- eskaintzen dizkien tarteetan eta inginari zibil lanak kentzen dizkion denbora artean banatzen duela diosku.

Joseba Etxarri. Orain mende bat baino gehiago Mendozara heldutako euskaldunen ondorengo den gure solaskideak barnean daramatza arbasoek pasatutako baloreak, partaidetza sentimentua eta jarduteko eta lanerako grina. Harro dago Berastegiko Elberdin baserria utzi eta Argentinan ezagutu zuen Agustina Ormazabal-ekin ezkondu zen Severianok --don Severiano, familian-- bertan ereindakoaz eta bereziki bere seme Guillermori (gure 'atxona', dio) eta ondoko salvarreditarrei emandako familia zentzuaz. Inginari zibila bada ere, Javierrek denbora hartzen du salvarreditarren mahastiei dedikatzeko eta nekazaritzat dauka bere burua.

-Zure sorterri Mendoza ezaguna da mundu osoan ardoengatik.

-Mahastia gure ekopnomiaren oinarrian dago. Nekazariak gara, mahastian lantzen ditugu. Alor honetan Mendozak enpresa zahar eta garrantzitsuak dauzka, batzuk, Goyenechea bezala, euskaldunek sortuak. Baina egia da baita ere azkeneko 13 urteetan, 'korralito'aren ondotik, aldaketa sakonak eman direla, kulturala ere. Atzerriko kapital asko etorri da erostera eta inbertsio handiak egitera, kanpoko diruak balio handia hartu baitu hemen eta, batzuetan, eurentzat kopuru ez hain esanguratsua zenarekin hemen erosketa handiak egin ahal izan dituzte. Adibide asko daude, baina euskal lotura duen bat aipatzearren Belasco de Baquedano datorkit burura, La Navarra patxaranarekin harremandutakoa, oker ez banago.

-Inginari zibila zara, baina gogokoa duzu baita ere enpresa familiarra. Besteak beste mahairako mahatsak eta ardoa ere ekoizten duzue.

-Gure mahatsen ekoizpenaren erdiarekin ardoa egiten dugu. Hogeita bost ekoizle txiki batzen dituen kooperatiba batean gaude eta cabernet sauvignon, syrah eta pedro ximenez mahatsak dauzkagu horretarako, baita aspirant bouchet zertxobait ere. Ardoa besteenekin batera saltzen dugu eta horrek handiagoak eta lehiakorragoak izatea dakarkigu. Mahatsen beste erdia mahairako motetakoa da eta 'Atxona' izenarekin --aitonaren ohorez-- merkaturatzen dugu. Garai batean Bilbora ere esportatzen genuen, baina 2010az geroztik, garraioaren garestitzea medio, Brasilera saltzen dugu produkzio osoa.

-Dantzaria izan zinen eta zara, eta baita Mendozako Denak Bat Euskal Etxeko kide ere.

-Beti. Azkeneko Zuzendaritza Batzordean idazkari nintzen eta azkeneko honetan lehendakariorde hautatu naute, Alicia Aguirre lehendakari. Baina zernahi gisaz, karguekin edo gabe, gustu berarekin egiten dut beti lan euskal etxearentzat. Euskal etxea guztiona da, geure etxearen luzapen moduko bat eta oso pozik eta zoriontsu sentitzen naiz bertara nire hondar alea eskaini ahal izatearekin.

-Duela urte batzuk Euskal Etxetik Mendozako eta Arabar Errioxako nekazarien arteko truke bat lagundu zenuten.

-2.007an izan zen. Lantziegoko  25 nekazari gazte etorri ziren eta bi aste eman zituzten gurekin, lan egiteko gure moldeak eta gure errealitate ezagutzen eta baita alderantziz ere. Gero geuk egin genuen bidaia hara. Ohartu ginen zer nolako alde itzela daukagun prozesuetan, kalitatean eta balio erantsian. Gehien estonatu ninduena izan zen ikustea hemen, familia batek, hogei bat hektarea behar dituela landu bertatik bizi ahal izateko eta, aldiz, han, unitate ekonomiko horixe bera bost hektarea baizik ez direla.

-Hirutan izana zara Euskal Herrian.

-Bai, Lantziego aurretik, 2.006an izan nintzen, lehenengo aldiz. FEVA edo Argentinako Euskal Erakundeen Federazioko Gazke Batzordeko kide nintzen eta Bilbora gonbidatu gintuen Eusko Jaurlaritzak, Kongresu batean parte hartzera. Hiruen artean, hura izan zen bidaiarik harrigarri eta zirraragarriena, nire sentipenak zeharo ukitu zituen. Salvarredi lehengusuak ezagutu nituen (ez dira berez lehen kusiak, urrunagokoak dira, Salvarredi, eta guretzat 'Salvarredi lehengusuak' dira) eta gure birraitona-birramonaren baserriak bisitatu nituen Gipuzkoako Berastegi eta Zegaman. Sakon hunkitu ninduen han San Lorentzo baseliza bisitatu eta bertan forjatik nire birraitonaren aitaren izena, Jose Domingo Salvarredi, grabatua daukan kanpaia abuztuaren 10ean, San Lorentzo egunean, jotzeak.

-Eta 2.010ean Euskal Herria zeharkatu zenuen, alderik alde, bizikletaz.

-Txirrindularitza eta zikloturismo gogorra ere gustukoak ditut. Oroitzapen oso onak dauzkat itzuli hartaz. Izan ere, beste biratxo bat ari naiz prestatzen, datorren udarako. Ez daki oraindik nondik abiatuko naizen, Bilbotik edo Donostiatik agian, baina kostaldetik seguru, eta Iparraldea, Nafarroa hegoaldea eta Bardeak eta Euskal Herriko hainbat bazterretara iristeko asmoa daukat.

-Zer iradokitzen dizu krisi hitzak?

-Argentinarrak ohitura gaude ekonomiaren gora-beheretara eta ezegonkortasunera. Orain Europan bizi duzuen krisiaz galdetzen badidazu, ezin dizut gauza handirik esan. Jende askok idazten digu Euskal Herritik lan egiteko hemen egon daitezkeen aukerez galdeginez, baina orain arte ez da inor etorri, nik dakidala. Beti ongi hartzen ditugu hemendik pasatzen diren euskaldunak. Urri amaieran, esaterako, Iparraldeko talde oso bat etorriko da, Euskal Argentina elkartekoa, eta pozez bilduko gara haiekin. "Gure etxea zure etxea da" dio euskal esaera zaharrak, ezta?



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia