euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Javier Mina eta Euskal Herria' jardunaldiak abian dira gaur Mexiko DFn, zine eta mahainguruekin

2010/11/09

Jardunaldien afitxa
Jardunaldien afitxa

PUBLIZITATEA

Euskal Herriaren Lagunak eta 'Diaspora Vasca Javier Mina' elkarteek gaur hasi eta ostirala bitartean luzatuko diren “Javier Mina eta Euskal Herria" jardunaldiak antolatu dituzte. Jardunaldion 4. edizioa da hau eta Mexiko DFko Kazetarien Elkartean egingo dira. Mahainguruetan autodeterminazio eskubidea, Javier Minaren figura historikoa eta Mexikoko independentzia guda bezalako gaiak jorratuko dituzte. Era berean, euskal zinema ziklo bat ere izango da ikusgai astean zehar hiriburuko Centro de Capacitacion Cinemátografica aretoan.

Mexiko DF, Mexiko. 'Javier Mina eta Euskal Herria' jardunaldien 4. edizioa gaur jarriko da abian Mexiko DFko Kazetarien Elkartean. "Nazioarteko kazetari, politikari eta adituek parte hartuko dute" jardunaldiko mahainguruetan, saio irekietan. Antolatzaileek azaldu dutenez topaketa hauekin "Javier Mina euskaldunak Mexikoko Independentzia Gudan izan zuen parte hartzea eta bere fusilamenduaren 193. urteurrena" ekarri nahi dute gogora, eta aldi berean, "Euskal Herrian elkarrizketa prozesua eta autodeterminazioaren aldeko borroka baketsu eta demokratikoa" sustatzen lagundu nahi dute.

Asmo horrekin jardunaldiek "ikuspuntu desberdinetatik (historikoa, ekonomikoa, politikoa eta kulturala) eztabaidatu eta hausnarketa egiteko proposamena" egiten dute. Saioak Kazetarien Elkarteko Renato Leduc aretoan izango dira, 19:00tan hasita, gaurtik eta ostirala arte.

JARDUNALDIEN EGITARAUA

Asteartea, Azaroaren 9a  

México y Euskal Herria. Dos perspectivas, dos procesos de independencia

Hizlariak

- Gilberto López y Rivas (Antropologoa)
- Floren Aoiz (Analista politikoa eta historialaria)

Asteazkena, Azaroaren 10a

Neocolonialismo del capital e internacionalismo

Hizlariak:

-Carlos Fazio
-Luís Hernández Navarro
-Floren Aoiz

Osteguna, Azaroaren 11a

Javier Mina. Viento de libertad entre dos mundos

Hizlariak:

-Bideo bidez Tomás Urzainki Mina (euskal historialari eta Minaren ondorengoa)
-Felipe Echenique March

Ostirala, Azaroaren 12a

El derecho de autodeterminación de los pueblos en la resolución del conflicto vasco

Hizlariak

-Samuel Ruiz (SERAPAZ)
-Miguel Álvarez (SERAPAZ)
-Espainiako Enbaxada (ez du gonbidapena onartu)
-Floren Aoiz

Euskal Zinema zikloa

Era berean, eta jardunaldiokin batera, antolatzaileek euskal zinema zikloa eskaintzen ari dira astean zehar Centro de Capacitacion Cinematografica (CCC) aretoan. Saioak 4. salan dira, 19.00etan. Zikloa atzo hasi zen 'Kutsidazu bidea, Ixabel' filmarekin. Gaur 'Euskal Memoria (Memoria Vasca)' dokumentala izango da ikugai eta bihar 'Sagarren denbora' filmea eskainiko dute.

Ostegunean zikloak Javier Minari buruzko filma eskainiko du, Mina, viento de Libertad dokumentalarekin. Bertan 1.789an Otanon, Nafarroan, jaio eta 1.817an Guanajuaton, Mexikon, fusilatuta hil zen gizonaren bizitza eta ondare historikoari buruzko hausnarketa egiten da. Minak Espainiako Independentzia gudan borroka egin zuen frantsesen aurka. Irabazi eta Fernando VII.a erregea bueltatu zenean, Mina 1.812ko konstituzio aurrerakoiaren aldeko kolpea ematen saiatu zen, arrakastarik gabe, eta Frantziara ihes egin behar izan zuen. Frantziatik Ingalaterrara eta handik Mexikorako bidea egin zuen, espainiar erregearen aurkako Independentzia gudan borrokatzera. Minaren parte hartzea laburra izan zen, baina historialarien arabera oso garrantzitsua. Guanajuatoko setioan atxilotu eta fusilatu egin zuten.

Azkenik, ostiralean, azaroaren 12an, '18/98+' dokumentala izango da ikusgai, izen bereko sumarioari buruzkoa.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia