euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Javier Mina eta Euskal Herria' jardunaldiek jenerala omenduko dute bere heriotzaren 190. urteurrenean

2007/11/05

'Javier Mina y el País Vasco' jardunaldien afitxa
'Javier Mina y el País Vasco' jardunaldien afitxa

PUBLIZITATEA

Mexiko Hiriko Kazetari Elkartean 'Javier Mina eta Euskal Herria' jardunaldiak egitan ari dira aste honetan, Mexikoko Independentzia gerran aritu zen Javier Mina nafar jeneralaren omenez. Zinema emanaldiek eta hainbat gaiei buruzko eztabaidek osatuko dute jardunaldien egitaraua. Aste osoan zehar erakusketa bat egongo da ikusgai elkartean. Ekitaldiei bukaera emanez, igandean omenaldia egingo diote Javier Minari Independentziaren Aingeruan.
Mexikoko hiriburuan Javier Mina jeneral nafarraren omenezko jardunaldiak egiten ari dira aste honetan. Mina 1789an jaio zen Otanon, Nafarroan, eta Guanajuaton, Mexikon, hil, 1817an. Espainiako Independentzia gudan borroka egin zuen frantsesen aurka. Irabazi eta Fernando VII erregea bueltatu zenean, Mina 1812ko konstituzio aurrerakoiaren aldeko kolpea ematen saiatu zen, arrakastarik gabe, eta Frantziara ihes egin behar izan zuen. Frantziatik Ingalaterrara eta handik Mexikorako bidea egin zuen, espainiar erregearen aurkako Independentzia gudan borrokatzera. Minaren parte hartzea laburra izan zen, baina historialarien arabera oso garrantzitsua. Guanajuatoko setiapenean atxilotu eta fusilatu egin zuten.

Fusilamenduaren 190. urteurrena betetzen denean jardunaldi hauek Mina eta Euskal Herriaren arteko harremana aztertu nahi dute. Gaur arratsaldeko programak, seietan, Julio Medem-en 'Behiak' filmea iragartzen du, gerrate karlistetan girotutako filma. Ondoren 'Mina y la autodeterminación; la lucha de los pueblos por su autogobierno' izenburua duen eztabaida etorriko da. Hizlariak Gilberto Lopez y Rivas, mexikar antropologoa; Felipe Etxenike, mexikar historialaria; Luis Hernandez, mexikar kazetaria; eta Andoni Egaña, euskal historialaria izango dira.

Zinema eta eztabaidak

Bihar Montxo Armendarizen 'Tasio' filma izango da ikusgai, ordu berean. Ondoren eztabaida berri bat egingo dute, oraingoan Euskal Herriko historiari buruz. Hizlariak Felipe Etxenike historialaria (Mexiko) eta Ciro Aparicio historialaria (Euskal Herria) izango dira. Asteazkeneko filmea 'San Fermín 78' dokumentala izango da eta ondoren 'México-Euskal Herria; presos políticos y movimientos antirrepresivos' izenburua duen eztabaida. Hizlariak Leonel Rivero mexikar abokatua eta Joseba Agudo, Amnistiaren aldeko mugimenduko kidea.

Ostegunean 'Euskal Pilota' dokumentala izango da ikusgai eta ondoren 'Euskal Herria: un conflicto no cerrado' izenburua duen eztabaida. Oraingoan hizlariak Humberto Musaccio mexikar kazetaria eta Joseba Agudo euskal abokatua izango dira. Ostiraleko filmea 'Aupa Etxebeste!' izango da, eta ondoren 'Los retos del sindicalismo' izenburua duen eztabaidari ekingo diote. Hizlariak Martin Aumara Barrio (giza eskubide eta langileen eskubideen defendatzaile eta preso politiko ohia), Jose Lamberto Gonzalez (mexikar abokatua) eta Urtzi Armendariz euskal injeniaria izango dira.

Independentziaren Aingeruan omenaldia

Larunbatean azken filmea eskainiko dute, oraingo honetan Montxo Armendarizen 'Silencio Roto'. Jarraian 'Juventud ante la nueva sociedad' izenburua duen eztabaida egingo dute. Hizlariak Leon Felipe Etxenike historialari mexikarra eta Haritz Bilbao euskal historialaria izango dira. Jardunaldiei bukaera emateko igandean Francisco Javier Minari omenaldia egingo diote Independentziaren Aingeruan, eguerdian.


Lotura interesgarriak

Jardunaldiei buruzko informazio gehiago
Diáspora Vasca blogean

Javier Minaren biografia
Wikipedian


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia